Politika -

EAJ-PSE bilera

EH Bildu: 'EAJk PSEri emango dion saria ezagutzea bakarrik falta da'

Koalizio abertzaleak eta UPyDk bileran hartutako erabakiak kritikatu dituzten bitartean, PPk "hiruko akordioa" proposatu du.

EH Bildu ziur agertu da EAJ-PSE akordioa izango dela. Argazkia: EiTB
EH Bildu ziur agertu da EAJ-PSE akordioa izango dela. Argazkia: EiTB
EAJ eta PSEren arteko akordioak kritika gogorrak jaso ditu oposiziotik

0:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bildu ziur agertu da EAJ eta PSE akordio batera iritsiko direla. "Trukean jeltzaleek sozialistei emango dien saria zein izango den jakitea baino ez da falta", erantsi du.

"Akordio hori hanka-sartze bat izango da, bi aldeen interes pertsonalak eta politikoak lortzeko asmoz egindakoa", kritikatu du EH Bilduk. Oskar Matutek (Alternatiba), Rebeka Uberak (Aralar), Juanjo Agirrezabalak (EA) eta Maribi Ugarteburuk (Sortu) agerraldia egin dute Donostian EAJ-PSE bilerari buruz hitzegiteko.

Oskar Matutek nabarmendu du EAJren eta PSEren arteko elkarlana aurretik datorrela. "EiTBko zuzendaritzaren izendatzea da aurrekaria eta beste hitzarmen batzuk ere izango dira, hala nola, Arartekoarekin lotutakoak", adierazi du.

EAJren eta PSEren arteko balizko akordioa bi aldeen "beharrizanen ondorioa" dela esan du. "Egungo eredu ekonomiko eta soziala mantendu nahi dute, gizartearen gehiengoa zigortuta", kritikatu du.

"Laster itxiko duten hitzarmenarekin EAJk bere ahultasuna ezkutatu nahi du, noraezean dagoelako eta egonkortasuna bilatu nahi duelako; eta PSEk ere gauza bera egin nahi du, boterea galdu zuenetik presentzia politikoa berreskuratzeko beharrizana daukalako", azaldu du Matutek.

"Argi dagoena da eredu sozioekonomikoez eta herritarren beharrizanez hitzegiteko asmorik ez dutela. Euren apustua porlana, prekarietatea eta oinarrizko eskubideen murrizketa dira", erantsi du.

PPren proposamena

Oposizioko taldeek jeltzaleen eta sozialisten bilera kritikatu duten bitartean, PPk "hiruko akordioa" egitea proposatu du, "etorkizuneko" akordioa litzatekeela eta Euskadiri egonkortasuna emango liokeela iritzita, "EAJk eta PSE-EEk ados dezaketena baino gehiago behar duelako erkidegoak".

Borja Semper PPren bozeramaileak "akordio globala" eskatu du herrialdeak bizi duen "salbuespenezko egoeraren" baitan, eta EAJren eta PSE-EEren akordioak "soilik botererako eta adabakietarako" balioko duela ohartarazi du.

Akordio hori beste erakundeetara eramateko zailtasuna nabarmendu du PPk, horregatik Legebiltzarrean "hiruko akordioa" egitearen alde azaldu da; izan ere, horren iritziz, "politikariak salbuespenezko egoeretan ados jar daitezkeela erakusteko" balio izango luke.

UPyDren kritika

Azkenik, UPyDk jeltzaleek eta sozialistek prestatzen duten "estalitako akordioaren" helburua "karguak eta postuak gordetzea" dela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea