Politika -

Dokumentazioa

Arnaldo Otegiren historia judiziala

Ezker abertzaleko burua bost aldiz espetxeratu dute.

Arnaldo Otegi. EFE.
Arnaldo Otegi. EFE.
Arnaldo Otegi. EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi hainbatetan eseri da akusatuen aulkian. Orotara bost aldiz espetxeratu dute. Azkena, Bateragune auzia-ren harira.

Ezker abertzaleko buruzagia 1987an kartzelatu zuten lehen aldiz, ETAko kide zela, Luis Abatua Michelin enpresaren Gasteizko buruaren bahiketan parte hartzeagatik. 1990ean geratu zen aske, zigorraren erdia bete eta gero.

Bigarrenez 2005eko maiatzaren 26an sartu zuten espetxean, Fernando Grande-Marlaskak aginduta, 'herriko tabernen' auziaren baitan. Otegik bi egun eman zituen espetxean, 400.000 euroko bermea ordaindu zuen arte. Auzitegi Nazionalak auzi horretik kanpo utzi zuen gero, talde armatuko kide izateagatik aurretik ere epaitua izan zelako.

Hirugarren espetxealdia azkar etorri zitzaion, urtebeteren ostean, 20 egun lehenago izandako greba batean gertatu ziren indarkeria ekintzen "eragilea" izatea egotzita. Bederatzi egunen buruan askatu zuten, 250.000 euroko fidantza ordaindu eta gero.

2007an, Auzitegi Nazionalak bigarren zigorra ezarri zion, 15 hilabetekoa, 2003an Argalaren omenez egindako ekitaldi batean terrorismoa goratzea egotzita. Ekainaren 8an kartzelatu zuten, hots, ETAk 2006ko su-etena amaitutzat eman eta hiru egunera. 14 hilabete eman zituen kartzelan.

2009ko urrian, behin-behineko espetxealdia ezarri zioten Bateragune auzian. 2011ko irailaren 16an, Auzitegi Nazionalak 10 urteko zigorra ezarri zion.

Absoluzioak eta auzi artxibatuak

1989an, ETAko kide zela, Javier Ruperez UCDko diputatu ohia bahitzea egotzita epaitu eta absolbitu egin zuten.2005eko azaroan, Auzitegi Nazionalak 15 hilabeteko zigorra ezarri zion, Juan Carlos I.goa erregea iraintzea leporatuta ("torturatzaileen burua" esan zion), baina EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen zigorra. 2011ko martxoan, Giza Eskubideen Europar Auzitegiak 20.000 euroko kalte-ordaina ordaintzera zigortu zuen Espainiako Estatua, Otegiren adierazpen askatasuna urratzeagatik.

2007ko abenduan, Auzitegi Nazionalak artxibatu egin zuen 2003an Bilbon Arkaitz Otazua ETAko kidearen alde (Ertzaintzarekin izandako tiroketa batean hil zen) egindako manifestazio batean parte hartzeagatik Grande-Marlaskak irekitako auzia.

Olaia Castresana ETAko kide zenaren (2001ean hil zen, Alacanten, lehergai bat manipulatzen ari zela) hiletan parte hartzeagatik ere auzipetu zuten, eta epaiketa 2007an egin zuten, baina absolbitu egin zuten, Fiskaltzak akusazioa bertan behera utzi eta gero.

2010eko urtarrilaren 13an, Auzitegi Gorenak artxibatu egin zuen besteak beste Otegi, Ibarretxe lehendakaria eta Patxi Lopez akusatuen aulkian eseriarazi zituen auzia. ETAren 2006ko su-etenean batzartzeagatik auzipetu zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea