Politika -

Bateragune auziko epaiketa

Prozesu judizialean, auzipetuek indarkeria errefusatu zuten eta ukatu egin zuten Bateraguneko kideak direla.

Arnaldo Otegi eta Rafa Diez. EFE.
Arnaldo Otegi eta Rafa Diez. EFE.
Arnaldo Otegi eta Rafa Diez. EFE.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezker abertzaleko zortzi kide, tartean Arnaldo Otegi eta Rafa Diez, epaitu zituzten Bateragune auzian, Batasuna berriz osatzen eta ETAk aginduta "aliantza independentista" bat eratzen saiatzea egotzita. Hori dela eta, erakunde terroristako kide izatea egotzi zieten.

Hain zuzen ere, zortzi auzipetuak honakoak izan dira: Arnaldo Otegi Batasuneko bozermaile ohia; Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohia; Sonia Jacinto EHAK-ko diruzain ohia; Miren Zabaleta, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailearen alaba; Arkaitz Rodriguez (2006an ETAko informazio taldeko kide izatea egotzita epaitu zuten, baina absolbitu egin zuten); Txelui Moreno, ETAk su-etena iragarri baino lehen ezker abertzaleak zuen bozeramaile nagusia; Mañel Serra eta Amaia Esnal.

Epaiketaren unean, Otegi, Zabaleta, Rodriguez eta Jacinto baino ez zeuden espetxean. Izan ere, Diez Usabiaga aske utzi zuten ama zaintzeko, eta Morenori, Serrari eta Esnali 10.000 euroko bermea ezarri zieten.

Atxiloketak

Zortzi auzipetuak 2009ko urriaren 13an atxilotu zituzten, LAB sindikatuaren Donostiako egoitzan.

Operazio horretan Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruzagi historikoa eta Ainara Oiz ere atzeman zituzten, baina deklaratu eta gero aske geratu ziren. Epaiketan, lekuko gisa deklaratu zuten.

Auzia Baltasar Garzon epaileak abiatu zuen.

Zigor eskaera

Epaiketaren azken saioan, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eutsi egin zion Arnaldo Otegiren eta Rafa Diezen aurkako 10 urteko zigor espetxe eskaerari.

Halaber, murrizketa txikia egin zuen beste hiru auzipeturen eskaeran (10 urtetik 9ra Miren Zabaletaren kasuan, eta 10etik 8ra Arkaitz Rodriguezenean eta Sonia Jacintorenean), eta bertan behera utzi zuen Morenoren, Esnalen eta Serraren aurkako akusazioa.

Herri akusazioak (terrorismoaren biktimen Verde Esperanza elkartea) eutsi egin zion zortzi auzipetuentzako 14 urteko zigor eskaerari, eta defentsek guztiak absolbitzea eskatu zuen.

Epaiketa

Auzitegi Nazionalean egindako epaiketan, auzipetuak ETArekin lotura hautsi zutela erakusten saiatu ziren, eta ukatu egin zuten Bateraguneko kideak direla. Rafa Diezen esanetan, Bateragune "Ekinen barne egitura bat" zen.

Azken adierazpena egiteko txandan, Otegik adierazi zuen ETAren indarkeria "soberan" dagoela eta "oztopo" dela, eta "indarkeria armatuaren behin betiko amaiera" eta "egitura militarrak desegitea" defendatu zuen.

Rafa Diezek azaldu zuen berak eta beste zazpi auzipetuek indarkeriaren amaierari buruzko eztabaida abiatu zutela ezker abertzalean. Bere hitzetan, "modu autonomoan" eta "inoren menpe egon gabe" aritu ziren. "Otegiren taldea deitzen ziguten", gaineratu zuen Arkaitz Rodriguezek.

Bere aldetik, Fiskaltzak argudiatu zuen zortzi auzipetuak "modu antolatuan eta ETArekin lotura zutela" aritu zirela.

Vicente Gonzalez Mota fiskalaren ustez, defentsek ezin izan zituzten akusazioak "ezeztatu", ezta akusatuak "ETAtik bereizita" aritu zirela erakutsi ere.

Poliziaren aditu batek ziurtatu zuen ETAk sortu zuela Bateragune, ezker abertzalea erakunde terroristatik bereizi nahi zutenen aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea