Politika -
Bilera Legebiltzarrean
EAJ eta PSE 'herrialde mailako akordioak' negoziatzen hasiko dira gaur
Andoni Ortuzarrek akordiorako espazioa sortzea espero du, baina Patxi Lopezek legegintzaldi osorako itunik bilatuko ez dutela ohartarazi du.
Erredakzioa
EAJ eta PSE-EE ekonomia arloko "herrialde mailako akordio zabalak" negoziatzen hasiko dira astelehen honetan, bi alderdiek ostiralean igorritako bi oharren bidez iragarri zutenez, erreforma fiskalaren eta iruzurraren kontrako politiken inguruan jeltzaleek abiatu zuten bilera-sortatik harago.
Jeltzaleen eta sozialisten arabera, "negoziazio zabala" izango da, "maila politiko altukoa".
Lehenengo bilera Eusko Legebiltzarrean izango da, eta EAJren ordezkariak Joseba Aurrekoetxea, Joseba Egibar, Pilar Garcia de Salazar eta Koldo Mediavilla EBBko kideak izango dira.
PSE-EEk, berriz, Rodolfo Ares, Idoia Mendia eta Antonio Pastor, Txarli Prieto eta Iñaki Arriola EAEko hiru lurraldeetako buruak eramango ditu.
ADIERAZPENAK
Andoni Ortuzar EAJko presidetneak sozialistekin elkarrizketarako eta akordiorako tarte berria ireki nahi duela adierazi du.
Ekonomia suspertzeko eta langabeziari aurre egiteko politikak, erakundeen eta elkarte publikoen erreforma, zerbitzu publikoen iraunkortasunarekiko konpromisoa, erreforma fiskala eta iruzurraren kontrako borroka izango omen dituzte hizpide negoziazioetan.
Andoni Ortuzar, buruzagi jeltzaleak adierazi duenez, haren alderdia akordioak lortzen saiatuko da, eta beren esku dagoen guztia egingo dute, "ahalik eta azkarren adostasunetara iristeko". "Gizarteak irtenbideak eskatzen dizkie erakundeei, eta erantzukizuna, batasuna eta lana politikariei", gaineratu du.
Bestalde, Jaurlaritzari "helbururik eta ekimenik gabe joatea" eta "ezer ez egitea" egotzi dio Patxi Lopez euskal sozialisten idazkari orokorrak. Bere alderdia "negoziatzeko eta laguntzeko prest" dagoela adierazi du, "baina ez dugu legegintzaldiko akordiorik bilatzen, ezta koalizio Gobernurik ere", zehaztu du, "herritarrei irtenbideak ematea baizik".
Iñigo Urkullu lehendakariari ohartarazi dioenez, "ez dago beste aukerarik, eta gerrikoa estutu beharra dago", horregatik, lan egin behar dela gaineratu du.
Pernando Barrena Sortuko bozeramaileari, EAJren eta PSE-EEren harremanak ez dio "harritzen", kudeaketa planteamenduetan "beti egon delako kidetasun ideologikoa". Hala ere, "euskaldunen burujabetasunaren norabidean" akordioetara iristeko prest azaldu da.
Donostian egindako prentsaurrekoan esan duenez, EAJk eta PSE-EEk egingo duten bileran garrantzitsuena "ez da zeintzuk biltzen diren, zertarako baizik".