Politika -
Bilera PPko egoitza nagusian
Defizita banatzeko irizpide objektiboak promestu ditu Rajoyk
Mariano Rajoy gobernuburuaren eta erkidegoetako PPren presidenteen arteko bilera akordiorik gabe bukatu da Alderdi Popularraren Genovako egoitzan.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Gobernuko presidentearen eta erkidegoetako PPren presidenteen arteko bilera akordio zehatzik gabe bukatu da Genovako egoitzan, baina defizitaren helburuak banatzeko orduan irizpide objektiboak eta ez politikoak erabiltzeko konpromisoa hartu du Exekutiboak.
Erkidegoetako presidente batzuek azaldu dutenez, bilera defizita murrizteko lanean jarraitzeko konpromiso batekin amaitu da. Politika fiskaleko datorren kontseiluan (CPFF) akordioa bilatzeko esfortzu handiagoa egin beharko dutela erantsi dute. CPFFren hurrengo bilera ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran egitea espero dute.
Defizita banatzeko Kataluniarekin negoziaziorik izan ez dela ziurtatu du Rajoyk, lekukoek adierazi dutenez.
Bestalde, defizitaren banaketa irizpide objektibo eta ekonomikoekin egingo dutela ziurtatu die Cristobal Montoro Hazienda ministroak. Helburuak bete dituzten erkidegoei kalte egingo ez dietela gaineratu du.
Mezu bateratua
Otordua amaitu ostean, defizita murrizteko helburuarekin mezu bateratua igorri dute erkidegoetako presidente guztiek, horretarako 2012an zehar herritarrek egindako esfortzua goraipatuz. Bilerak hiru orduko iraupena izan du.
Bilera amaitu eta gero PPk agiri bat argitaratu du. Alderdi Popularraren hitzetan, duela urtebeteko egoerarekin alderatuta ekonomia "oso desberdina" da guztien esfortzuari esker, herritarren sakrifizioak "ez dira alferrikakoak izan". Administrazio guztiek defizit publikoa murrizteko ekarpena egin dutela erantsi du PPk.