Politika -
Mahai politikoaren ostean
Atzoko bilerak 'garai berria' ireki duela esan du lehendakariak
''Joan den asteazkenean baino hobeto gaude gaur'', esan du Urkulluk, biharamunean. Besteak beste, autogobernua berrikusteko lantaldea jasotzen du lehendakariak aurkeztutako adostasunerako dokumentuak.
Erredakzioa
Astearte honetan Legebiltzarrean ordezakaritza duten alderdietako ordezkariekin egindako bilerak ''garai berria'' ireki duela esan du Iñigo Urkullu lehendakariak, estreinakoz alderdi guztiak elkarrekin egon zirelako. ''Joan den asteazkenean baino hobeto gaude gaur'', esan du Urkulluk.
Lehendakariak azpimarratu duenez, alderdi guztietako ordezkariak bat etorri ziren esaten gaur egungo egoera ekonomikoa eta krisiaren ondorioak larriak direla. "Krisitik irteteko lehentasunak toki nabarmenagoa du gure agendetan, eta agenda horrek lan egitera behartzen gaitu'', azaldu du.
Urkulluk berretsi du ez duela akordio ''handi zein txikiak'' lortzeko lanetan amore emango, neurri zehatzak aurkeztu ez dituela argudiatuta oposizioko alderdien kritikak jaso baditu ere. Halaber, Jaurlaritzan egonkortasuna bermatuko liokeen bazkide bat lortzeko negoziazioekin jarraituko duela gaineratu du.
Autogobernua berrikusteko lantaldea, adostasunerako dokumentuan
Eusko Legebiltzarreko lantalde berezi batean autogobernua berrikusteko beharra jasotzen du lehendakariak atzoko alderdi politikoei helarazitako ''Akordiorako oinarrizkoen dokumentuak''.
Radio Euskadik eskuratu duen 13 orrialdeko dokumentu horretan, krisiaren urterik gogorrenari aurre egiteko beharra azpimarratu du Jaurlaritzak, eta, ildo horretan, aurrera egin ahal izateko lehendakariaren ustez lehentasunezkoak diren bost adostasun zehaztu ditu testuak: erreforma fiskala, iruzur fiskalaren kontrako borroka, ekonomiaren berpizkundea, politika publiko eta sozialak eta eredu instituzionala.
Zehazki, azken puntu horretan, ''adostasuna oinarri hartuta'', Euskadiko eredu instituzionala berritzeko beharra azpimarratu du lehendakariak. Horretarako, Legebiltzarrean autogobernua eta eredu instituzionala jorratuko dituen lantalde berezia sortzea proposatu du Urkulluk.
Testuak ez du zehatz-mehatz jasotzen, baina, Radio Euskadik baieztatu duenez, bertan jorratuko da Jaurlaritza berriak iragarritako estatus politiko berria. Urrian izango da, Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri bezala.
Zergak
Fiskalitate mailan, PFEZa modu bateratuan erreformatzeko beharra jasotzen du testuak, ''gaitasun ekonomikoa oinarri hartuta''. Hala, ''gehien duenak gehiago eman behar du guztion gastuei aurre egiteko'', testuaren arabera.
Sozietateen gaineko zerga dela-eta, jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzen dituzten pizgarriei eustea proposatzen du testuak. Horretarako, helburu horiek betetzen ez dituzten erregimen bereziak eta kenkariak bertan behera uztea proposatzen du Jaurlaritzak. Halaber, modu bateratu batean zerga berriak ezartzea jasotzen du dokumentuak.
Iruzur fiskalaren kontrako borroka lehentasuna izan behar dela jasotzen du testuak, eta, horren harian, plan baten berri ere ematen du.
Ekonomia suspertu eta enplegua sustatzeko plana eta politika publikoak eta gizarte arloko neurriak ere ageri dira bertan.