Politika -

Bilera lehendakariarekin

Alderdien bileran 'pauso garrantzitsua' eman zutela esan du Bilbaok

Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan, alderdiek "epeak" jarri dituzte, aurten pertsona fisikoen eta elkarteen gaineko zergen erreformak ixteko.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia. EiTB
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia. EiTB
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiek atzo egin zuten bileran "aurrerapauso garrantzitsua" eman zuten. Izan ere, "epeak" jarri zituzten, aurten pertsona fisikoen eta elkarteen gaineko zergen erreformak ixteko.

Onda Vasca irrati katean egindako elkarrizketa batean, bilera "inportantea" izan zela esan du Bilbaok, tankera horretako foroek Legebiltzarreko saio batek baino "malgutasun" handiagoa dutelako.

Horren esanetan, bilerak ez du "emaitza zuzenik" izan, baina, dena dela, 2014. urteko urtarrilaren 1erako fiskalitatearen eztabaida bukatuta egoteko "konpromisoa" hartu dute. Ordurako, pertsona fisikoen eta elkarteen gaineko zergak adostuta izango dituztela aurreratu du Bilbaok.

Bizkaiko ahaldun nagusiak erakundeetatik ekonomiaren mundura "egonkortasuna eta ziurtasuna" emateko deia egin du. Horren ildotik, erreforma fiskala "garrantzitsua" iritzi dio.

"Bileraren ostean denetarik esan da, baina albiste ona bilera bera egin izana da, foro batean buruzagi guztiak batzartu, hitz egin eta lanean jarraitzeko konpromisoa hartu izana, epe zehatzekin gainera", gaineratu du.

Azkenik, alderdien eta erakundeen mahaiak Jaurlaritzaren "lorpen garrantzitsuak" direla esan du Bilbaok, batik bat "egoera politikoa zaila dela kontuan hartuta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea