Politika -

Bilera Lehendakaritza

Bilera akordio zehatzik gabe amaitu dute Jaurlaritzak eta alderdiek

Antza denez, Urkulluren eta euskal alderdien arteko bileran EAJ eta PSE zertxobait gerturatu dira. Oposizioko gainerako alderdiek lehendakaria gogor kritikatu dute.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Lehendakariak alderdi guztiak hartu ditu Lehendakaritzan

1:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dirudienez, EAJren eta PSEren jarrerak zertxobait hurbildu dira EAEko alderdi politikoen eta Iñigo Urkullu lehendakariaren arteko bileran; izan ere, sozialistek, oposizio osoak bezalaxe, Exekutiboaren proposamen "zehatzak" falta izan direla esan dute, baina ekainean erreforma fiskala adosteko "prest" azaldu dira. Bestalde, Jaurlaritzaren "ezintasuna", "moteltasuna" eta "norabide falta" salatu dituzte EH Bilduk, PPk eta UPyDk.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea bileratik "pozik" atera da, landu behar diren gaien eta egutegiaren inguruan "gutxieneko adostasuna" lortu dutelako. Erkorekaren ahotan, "lehen pauso ukaezina" da.

Krisitik ateratzeko "adostasunak" lortzea "premiazkoa" dela uste dute alderdi guztiek, Exekutiboko bozeramaileak azaldu duenez. Lehentasuna duten bost puntuak eta egutegia adostu dituztela erantsi du.

EAJ

Andoni Ortuzar EAJko presidentea "nahiko baikor" azaldu da bileraren emaitzarekin, eta aurrerapausoak beharrezkoak diren bost esparruetan akordioa izan dela goraipatu du.

Egoera larriaren inguruan "diagnostiko amankomuna" egin dutela azaldu du Ortuzarrek. Adostasuna lortu behar den bost esparruetan akordioa izan dela adierazi du: erreforma fiskala, iruzurraren aurkako borroka, lanpostuak sortzeko politikak, politika publiko eta sozialak, eta eredu instituzionala.

EH Bildu

"Akordioetara heltzea zaila da, akordioa lantzeko oinarririk ez dagoenean", adierazi du Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak hiru orduko bileraren ostean. Legebiltzarreko alderdi guztietako ordezkariek eta Iñigo Urkullu lehendakariak bilera egin dute arratsaldean, Gasteizen.

Mintergiren hitzetan, Eusko Jaurlaritza "noraezean" dago eta "ez da oraindik martxan jarri". Alderdien mahaiak "garrantzitsuak" direla gaineratu du ordezkari abertzaleak, baina agente sozialak eta pertsonak bertan egon behar direla erantsi du.

PSE

Iñigo Urkullu lehendakariak alderdi politikoei gaur aurkeztutako planteamenduaren "zehaztasun eskasa" eta "ekimen" falta kritikatu ditu Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiak.

Lopez bileraren emaitzarekin "pozik" agertu da, aspalditik PSEk eskatu dituen gaiak aurkeztu dituztelako. Baina "harrigarriena" EAJren proposamen konkretu bakarra iruzurraren aurka borroka egiteko gaia jorratzea izan da, erantsi du.

PP

Eusko Jaurlaritzak "politika ekonomikorik ez" duela edo "aplikatzeko ausardiarik ez" duela adierazi du Arantza Quiroga Euskadiko PPko presidenteak.

Bileran, Exekutiboak mahai gainean egutegi bat jarri diela azaldu du PPko ordezkariak. "Denbora irabazteko" modu bat dela esan du Quirogak. "Moteltasun honekin ezin dugu jarraitu", ohartarazi du. Urkulluren Exekutiboaren "ezintasuna" kritikatu du.

UPyD

Bileran "aurrerapausorik" eman ez dela esan du Gorka Maneiro UPyDko bozeramaileak. "Eusko Jaurlaritzak eta lehendakariak ez dute proposamenik edo ez dute planteatzen", adierazi du Maneirok.

"Iruzurarri aurre egiteko erreforma fiskala aurrera eramateko proposamen bat aurkezteko eskatu digu lehendakariak alderdiei, baina proposamenak eskatzea eta batere ez aurkeztea deigarria da. Bakarrik jarraitzen dute eta ez dute babesik, paralizaturik jarraitzen dutela ematen du", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea