Politika -

Mahai Politikoa

Lehendakariak eta alderdi politikoek hiru orduko bilera egin dute

Besteak beste, zerga sistemaren erreforma eta iruzur fiskalaren aurkako borroka aztertu dituzte.

EAJko eta EH Bilduko ordezkariak, bilerara sartu aurretik. EFE
EAJko eta EH Bilduko ordezkariak, bilerara sartu aurretik
Lehendakariak alderdi guztiak hartu ditu Lehendakaritzan

1:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiekin (EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPyD) batzartu da gaur arratsaldean, eta bertan, besteak beste, zerga sistemaren erreforma eta iruzur fiskalaren aurkako borroka hartu dituzte hizpide, Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.

Guztira, hiru orduz batzartu dira.

Gasteizko Gobernuaren esanetan, lehendakariak akordioak lortzeko prest egotea eskatu die alderdiei, eta horiek proposamen zehatzak aurkeztea eta besteenak entzutea espero du.

EAJren proposamena

EAJk foru aldundietako Ogasun sailetako datu baseak ''denbora errealean'' komunikatuta egotea proposatuko die gainerako alderdiei, mahai politikoan.

Alderdi jeltzaleak agiri batean azaldu duenez, erreforma fiskala jorratzeko eta iruzur fiskalari aurre egiteko plana eramango ditu bilera horretara.

Hain zuzen ere, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, oinordetza eta dohaintzaren gaineko zerga eta ondarearen transmisioaren gaineko zerga aldatzea eta zerga berriak adostea proposatuko du.

EAJk gainerako talde politikoei aurkeztuko dien bigarren agiria Iruzur Fiskalaren kontrako Egitasmo Integrala da. Zehazki, iruzurraren kontrako borrokarako batzordea eratzea, zergak foru ogasunetan ordaindu behar duten erakundeak ikuskatzea eta foru ogasunetako datu baseak denbora errealean komunikatu ahal izatea aurrez ikusten du.

''Lehendakariak deitu duen bilerara EAJk asmo eraikitzailea eramango du, asmoetatik ekimenetara igarotzeko gogoarekin eta denon laguntasuna behar dela pentsatuta, une honetan pairatzen dugun egoera ekonomiko latzari aurre egiteko gutxieneko lankidetza puntuak ezarri ahal izateko'', jeltzaleek ohar horretan adierazi dutenez.

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea eta Joseba Egibar Legebiltzarreko bozeramailea izango dira hitzorduan.

Akordiorako itxaropen txikiarekin joango da oposizioa

EAJk proposamenen berri eman aurretik, oposizioko alderdiak itxaropen gutxirekin agertu dira egonkortasun itun bat eta ekonomia suspertzea bilatzeko lehendakariak deitu duen bileraren aurrean. Hitzordu horrek emaitza zehatzak emateko "aurretik lan gehiago" egin behar zela esan dute alderdi guztiek.

Bileran hizpide izango diren zortzi gaien idatzia bidali die lehendakariak azken orduetan EH Bilduri, PSE-EEri, PPri eta UPyDri. Gai-zerrendak zortzi puntu ditu: egoera ekonomikoaren diagnosia; enpleguaren eta diru-bilketaren garapena; atzeraldia Europan; zerga erreforma; iruzurraren aurkako borroka; defizita malgutzea eta ekonomia suspertzeko ezohiko plana; politika publikoak eta gizarte politikak; eta egitura instituzionala.

Oposizioko alderdiek zehaztasun falta egotzi diote lehendakariari.

Aldundiekin bilera teknikoa

Gaurko hitzorduaren aurretik, astelehen honetan bilera egin dute Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak eta hiru aldundietako Ogasun arduradunek. Mahai gainean bi gai nagusi izan dituzte: defizita malgutu ondoren zorpetuta lortuko litzatekeen dirua nola banatu eta politika fiskalean egin beharreko aldaketak.

Gatzagaetxebarriak bileraren ondoren azaldu duenez, ''aurre-akordioa'' lortu dute, eta, hala, Jaurlaritzak aldebiko bilerak egingo ditu alderdiekin aste honetan, diru hori zein proiektutara bideratu erabakitzeko. Guztira 180 milioi euroko funtsa izango litzateke, eta Jaurlaritzak % 70 hartuko luke beretzat, inbertsio eta berpizkunde ekonomikoa bultzatzeko proiektuetara bideratzeko.

Helena Franco Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun diputatuaren hitzetan, bilera ''positiboa'' izan da. ''Akordio globalik'' lortu ez duten arren, emaitzek Gipuzkoak aurkeztutako proposamenarekin bat egiten dutela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea