Politika -
Astearteko bileran
Alderdi guztiekin herrialdeko akordioa lortu nahi du Urkulluk
Lehendakariak azaldu duenez, ezberdintasun sozialak eta oinarrizko zerbitzu publikoak izango dituzte hizpide, besteak beste.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak alderdi politiko guztiekin "herrialde akordio zabala" lortu nahi du datorren astearteko bileran. Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiekin Lehendakaritzan batzartuko da.
Osakidetzaren 30. urteurreneko ekitaldian astearteko bilera horren gaineko xehetasunak eman ditu. Asteartean 17:30ean batzartuko da alderdi politikoekin, egonkortasun akordioak bilatzeko helburuz. Azaldu duenez, ezberdintasun sozialen handitzea eta oinarrizko zerbitzu publikoen mantentzea izango dituzte hizpide.
Gizarte politiken garrantzia nabarmendu du, eta horien gainean akordio zabala lortu behar dela uste du. Hori lortzeko, alderdi politiko guztiek jarrera irekia izatea nahi luke.
Wert legea
Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak hezkuntza erreforma onartu zuen ostiralean, eta Urkulluk gai horri ere egin dio erreferentzia. Horren ustez, hezkuntzak berdintasuna lortzeko tresna izan behar du, eta "eskaintzen digutenak ez dio Euskadiri balio".
"Gure eskumenak urratzen ditu, eta gainera euskal hezkuntza sisteman ez dauden arazoak konpondu nahi ditu legeak", azaldu du. Gaineratu duenez, legea dagoen horretan aplikatzen bada, euskaldunentzat atzerapauso nabarmena litzateke.