Politika -
Bilera-sorta
Eusko Jaurlaritzak egiarekiko konpromisoa helarazi die biktimeri
Eusko Jaurlaritzaren Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza terrorismoaren biktimek osatutako Estatuko hainbat elkarterekin bildu da.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza hainbat biktima elkarterekin bildu da azken asteetan. Bilera horiek Monika Hernando Zuzendaritzako arduradunak eta Txema Urkijo Biktimen Politikaren koordinatzaileak zuzendu dituzte, giro zintzoan eta adeitsuan, Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Bilera horien helburu nagusia Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia ezagutaraztea izan da. Idazkaritza horren ardura Jaurlaritzaren bakeari, memoriari, biktimei eta giza eskubideei buruzko politikak kudeatzea da.
Halaber, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak bere burua aurkeztu du biktimen elkarte horietan, proiektuak aurrera ateratzeko, bera izango delako Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria.
Euskadin, Andaluzian, Katalunian, Valentzian, Galizian, Extremaduran eta Madrilen izandako bileretan Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek biktima guztienganako laguntza, aitorpen eta erreparazio politikarekiko konpromiso sendoa dutela helarazi diete kolektibo guztiei.
Jaurlaritzaren ordezkariek azpimarratu duenez, bilera horiek oso positiboak izan da. Gainera, Eusko Jaurlaritzak komunikazioa eta harremanak estutzeko asmoa duela iragarri dute, kolektibo horiek hobeto entzuteko eta informazio eta eztabaida bideak ezartzeko.