Politika -
Nafarroako Parlamentua
Bildu, Aralar, I-E eta Geroa Baik CANi buruzko batzordea eskatu dute
Oposizio guztiak, PSNk eta PPk izan ezik, batzordea berehala sortzeko eskaria erregistratu dute Parlamentuan.
Erredakzioa
Bilduk, Aralar-NaBaik, Izquierda-Ezkerrak eta Geroa Baiko parlamentariek Nafarroako Kutxaren (CAN) kudeaketari buruzko ikerketa batzordea eratzeko eskaria erregistratu dute Nafarroako Parlamentuan.
Ekimen horren bitartez "Administrazio Kontseiluak eta zuzendaritzako kideek egungo egoerara iristeko (Caixabanken integratua dago) hartu dituzten erabakiak zeintzuk izan diren" jakin nahi dute.
Oposizioko alderdi horien arabera, Foru Erkidegoak "finantza baliabide garrantzitsuena eta beharrezkoena galdu du 'de facto'"; horregatik, "prozesu osoan izan diren ardura politikoak eta gehiegikeriak ezagutaraztea" aldarrikatu dute.
Alderdi horiek azaldu dutenez, CAN "saldu aurretik zuen prezioa baino askoz merkeago erosi du beste banketxe batek".
"Argi dagoena da Nafarroak azken mendean garatzeko eta modernizatzeko gehien lagundu duen finantza tresna galdu duela, eta galerak oso eragin txarra izango duela herritarren, enpresarien, autonomoen, enpresa txiki eta ertainen eta administrazio publikoen ekonomiarentzat", azpimarratu dute.