Politika -

Osoko bilkura Legebiltzarrean

Urkulluk ekainean aurkeztuko du egutegi legegilea Legebiltzarrean

EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPyD alderdiek egutegia lehenbailehen aurkezteko eskatu diote lehendakariari.

Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko irudia.
Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarrean.
Urkulluk egutegi legegilea ekainean aurkezteko konpromisoa hartu du

1:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez, Gobernu Kontseiluak onartu ondoren aurkeztuko du legegintzaldi honetarako egutegi legegilea. "Errealista" izango dela adierazi du,legegintzaldi honetan betetzeko modukoa,. Halaber, ekainean Eusko Legebiltzarrean aurkeztea espero duela adierazi du. Egutegi hori lehenbailehen aurkezteko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari.

Eusko Legebiltzarrean gaur egiten ari den osoko bilkuran egin du iragarpena Urkulluk, EH Bilduk legegintzaldi honetarako Eusko Jaurlaritzaren egutegi legegilea aurkezteko eskatu ondoren.

Jaurlaritzak legealdi honetan proposatuko diren 18 lege proiektuen txostenak bukatuta izan beharko ditu ekainaren 15erako. Egun horretatik aurrera, sail bakoitzak hilabeteko epea izango du proposamenak egiteko.

Gobernu Kontseiluak programa legegilearen proposamena egingo du, eta ekainean Legebiltzarrera eramango dute. "Egutegi legegilea onartu ondoren, Legebiltzarrean azaldu ahal izatea da nire konpromisoa", iragarri du.

Urkulluk zehaztu du egutegi "errealista" osatzeko konpromisoa hartu duela, eta hori dela eta, "legealdi honetan betetzeko moduko egutegi legegilea" onartuko duela. Lege proiektu bakoitzaren txostenean zehaztuko dute Gobernu Kontseiluan zein Eusko Legebiltzarrean noiz aurkeztuko diren, horren esanetan.

Oposizioaren kritikak lehendakariari

EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPyD alderdiek egutegia lehenbailehen aurkezteko eskatu diote lehendakariari.

Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak egutegi legegile bat izatea oso garrantzitsua dela nabarmendu du, "nolako herria eraiki nahi den" baldintzatzen duelako, eta egutegi hori "ahalik eta azkarren" aurkezteko eskatu dio Urkulluri.

Jaurlaritzari egonkortasuna emateko, gobernatzeko bazkide posibleen artean aukeratzeko eskatu dio PSE-EEko Jose Antonio Pastor bozeramaileak Urkulluri. "EH Bildu, PP edo gu, baina erabakia hartu beharko du. Gobernuak ezin du biziraun soilik, gobernatu egin behar du", gaineratu du.

Arantza Quiroga PPko bozeramaileak Jaurlaritzaren "ahultasuna" nabarmendu du, eta proiektuak noren babesarekin onartu nahi dituen zehazteko eskatu dio Urkulluri. Lehendakariak oposizioa konbentzitzea lortzen ez badu, Legebiltzarrak legeak atzera botako dituela esan du Quirogak.

Urkulluren gobernua gutxiengoan dagoenez, akordioak lortzeko bazkideen beharra duela azpimarratu du UPyDk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea