Politika -
Egonkortasun ituna
Neurri ekonomikoak zehazteko eskatu dio Maneirok Urkulluri
Elkar laguntzeko garaia dela eta, UPyDk bilerara joango dela iragarri du.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakaria alderdi politikoekin eta erakundeekin jarriko da harremanetan bihartik aurrera, egonkortasun ituna lortzeko eta ekonomia berpizteko abian jarri nahi dituen neurrien berri emateko. Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak azaldu duenez, Urkulluren neurriek itxura ona dute, baina ez dira nahikoak, eta zehaztasun gehiago emateko eskatu dio lehendakariari.
Bilera-sorta horren harira Maneirok esan du lehendakariarekin batzarra egingo duela, elkar laguntzeko garaia delako. Halaber, haren alderdiak hainbatetan Jaurlaritzaren jarduna kritikatu badu ere, Urkulluk neurri ekonomiko zehatzak proposatzen baditu, entzuteko prest agertu da Maneiro.
"Antza denez, sei neurri proposatuko ditu lehendakariak. Oraindik ez du horien gaineko xehetasunik eman, baina itxura ona dute. Hala ere, ez dira nahikoak", gaineratu du.
Akordioa lotzeko "erabat" prest dagoela azpimarratu du Maneirok, baina ondoren bilera horien emaitzak aztertu beharko direla ohartarazi du. "Guretzat emaitzek dute garrantzia, eta orain arte Jaurlaritzak egindako guztia negargarria izan da eta ez du inorekin akordiorik lotu", azpimarratu du Maneirok.
Hala ere, sei neurri ekonomiko horien gainean akordioa lortzea posible ikusten du Maneirok: "horietako batzuk onar ditzazkegun behintzat".
UPyDko legebiltzarkideak haren alderdiak orain arte egindako lana babestu du, eta Gobernuaren lanari boikota egiteko asmoa duela errefusatu du.