Politika -

Egonkortasun ituna

Urkullu alderdiekin eta erakundeekin hitz egiten hasiko da gaur

EH Bilduk, PSE-EEk, PPk eta UPyDk bilerara joango direla baieztatu dute jada.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria.
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria ordezkari politikoekin eta erakundeetako buruekin harremanetan jarriko da astelehen honetan, lehenbailehen elkarrizketa mahaiak osatzeko, "pertsonen beharrei erantzuna ematea helburu".

Ostiralean, "gastu ahalmen berria ekonomia sustatzeko eta enplegurako elkartasun funtsera" bideratuko dutela nabarmendu zuen.

Gaineratu zuenez, "hori da esfortzu ekonomikoari eman nahi diogun bidea, hori da hiru aldundiei eta udalei proposatuko diegun bidea".

Urkulluk akordioak lortzeko deia egin du, behin eta berriz: "Denok bat eginda hobeto erantzungo diegu herritarren beharrei. Borroka albo batera utzi, eta adostasunak lortzeko lan egin behar dugu".

EH Bildu

EH Bilduk "arduraz jokatu" eta Urkulluk bultzatutako bilera horietan parte hartuko duela baieztatu du. Hala ere, koalizioaren iritziz, zaila izango da lehendakariarekin akordioa lortzea, eredu "kontrajarriak" dituztelako.

Pello Urizarrek eta Oskar Matutek Urkulluren jarrera gaitzetsi dute, "gizarteak kontrakoa eskatu arren, EAJk PPren eta PSE-EEren babesa bilatu nahi duelako". Halaber, krisi ekonomikoa eragin duten neurriak albo batera uzteko eskatu diote.

EH Bilduk eredu eta politika aldaketa babesten duela nabarmendu dute, eta, horretarako, larrialdiko herri akordioa lortzea ezinbestekotzat jo dute. "EH Bilduk austeritate politikei eta murrizketei aurre egingo dien herri akordioa proposatzen du", gaineratu dute.

Bestalde, zein herri eredu nahi duen argitu dezala eskatu diote lehendakariari.

PSE-EE

Rodolfo Ares PSE-EEren Antolakuntza idazkariak adierazi duenez, Iñigo Urkulluk egonkortasun ituna lortzeko deitu duen bilerara "irtenbideak emateko" asmoz joango dira. Dena dela, "antzezpena egitea" egokiena ote den zalantzan jarri du.

EAJk bidea aukeratu behar duela esan du Aresek, hau da, "PPren murrizketen bidea edo herrialdeak behar dituen aldaketena"

PP

Iñaki Oyarzabal EAEko PPren idazkari orokorrak uste du lehendakariak deitu duen bilera jada aurretik egindakoen berdina izango dela, bilera-sorta hori "lehengo urte amaieran ere egin zuelako". Horregatik, "hilabeteak galdu izanaz" kexatu da.

UPyD

Urkullurekin batzartuko egingo dela baieztatu du Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak, garai zailetan elkarri lagundu behar zaiola argudiatuta. Maneiroren ustez, Urkulluren neurriek itxura ona dute, baina ez dira nahikoak, eta zehaztasun gehiago emateko eskatu dio lehendakariari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea