Politika -
Lehendakariaren proposamena
Jaurlaritzari eta herriari eraso egitea egotzi dio Atutxak oposizioari
BBBko presidentearen iritziz, 'euskal gizarteak akordioak nahi ditu, eta ez ditu blokeo jarrerak onartuko'.
Erredakzioa
Blokeo jarrerarekin, Eusko Jaurlaritzari eta herriari eraso egitea egotzi dio Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidenteak oposizioari. "Euskal gizarteak akordioak nahi ditu, eta ez ditu blokeo jarrerak onartuko", gaineratu du.
Horrela mintzatu da Basaurin izandako ekitaldi batean. "Euskadi zenbat eta okerrago egon, beraiek hobeto daudela uste dute", gaineratu du. Ekitaldi horretan, bere ondoan izan da, besteak beste, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia.
PSE-EEren jarrera kritikatu du, jeltzaleen akordio proposamenari ezezko borobila eman diolako. Patxi Lopez Euskadiko Alderdi Sozialistako idazkari nagusiari argitzeko eskatu dio: "erabaki dezala Euskadin geratu edo Ferrazera joan nahi duen".
Halaber, akordioak lortzeko Gipuzkoan izan duen borondate bera izateko eskatu die sozialistei.
"Ez da itxura hutsa"
Datozen egunotan EAEko erakundeetako eta alderdi politikoetako buruzagiei deituko die, krisiari aurre egiteko asmoz, egonkortasun itun bat bilatzeko.Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi duenez, lehendakariaren proposamena "ez da itxura hutsa". Horren ustez, Euskadi larrialdi egoeratik ateratzea da.
Bestalde, Patxi Lopez kritikatu du popularrekin gobernatu bazuen ere, orain horiekin akordioa lortzeari uko egiten diolako.