Politika -
Radio Euskadi
Egibarrek gutxieneko akordioa lortzeko ahalegina eskatu die alderdiei
PSE-EEk eta PPk neurriak zehazteko eta jarrera aldatzeko eskatu diote Urkulluri. Bestalde, bere postulatuei eutsiko diela ohartarazi du Bilduk.
Iñigo Urkullu lehendakariak etzi alderdiekin hasiko duen bilera errondarako ahalegina eskatu die Joseba Egibar jeltzaleak, Legebiltzarrean ordezkaritza duten gainerako alderdiei. Horren ustez, krisi ekonomikoari aurre egin ahal izateko gutxienezko akordioak lortzea da helburua.
Egibarren iritziz, astelehenean hasiko duten bilera-sorta, alderdi guztiengana hurbiltzeko lehen pausoa da.
Lehen helburua egonkortasun akordioa lortzea bada ere, ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko zoru ekonomikoa adostea ezinbestekoa dela nabarmendu du. Halaber, zerga erreformaren gaineko akordioa lortzea ere garrantzitsutzat jo du. "Defizit muga malgututa, gehiago zorpetzeko aukera izan dezakegu", gaineratu du.
Bestalde, neurri zehatzak zeintzuk izango diren galdetuta, laster proposamen zehatza aurkeztuko dutela adierazi du.
Akordioak lortzearen beharra nabarmendu du Egibarrek. Salatu duenez, aurrez Eusko Jaurlaritza eta Urkullu ahalegindu dira gainerakoekin ados jartzen, baina ez dute emaitzarik lortu.
PSE-EEk eta PPk Urkullurekin bilera egingo dutela baieztatu dute, baina jarrera aldatzeko eta neurriak zehazteko eskatu diote lehendakariari. "Kontua Legebiltzarreko eztabaidak mahaira eramatea baldin bada, jarrera berari eutsiko diogu", adierazi du EH Bilduko Oskar Matutek.