Politika -

Eusko Legebiltzarra

Urkullu erakundeetako eta alderdietako buruekin elkartuko da itun bila

Lehendakariak sei konpromiso aurkeztu ditu akordioa lortzeko asmoz. PP Jaurlaritzarekin egonkortasunerako ituna negoziatzeko prest agertu da; PSE-EEk, berriz, uko egin dio PPrekin ituna egiteari.

Iñigo Urkullu lehendakaria, gaurko agerraldian. Irudia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria, gaurko agerraldian. Irudia: EiTB
Urkulluk 'egonkortasun ituna' zehaztu du, Legebiltzarrean

1:55

Manu Gimenez

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez, datozen egunotan EAEko erakundeetako eta alderdi politikoetako buruzagiei deituko die, krisiari aurre egiteko asmoz, egonkortasun itun bat bilatzeko.

Urkulluk Eusko Legebiltzarrean eman du horren berri, Gobernu-egitasmoa aurkezteko saioaren azkeneko agerraldian, gainerako alderdiek erantzuteko aukerarik ez zutenean.

Lehendakariak azaldu duenez, harreman horiek egonkortasunerako eta suspertze ekonomikorako akordioa lortzen lagunduko dute. Ituna lortzeko bidean, Eusko Jaurlaritzak bere egingo dituen sei konpromisoen berri eman du.

Honakoak dira lehendakariak iragarri dituen konpromisoak: Erreforma fiskala adostea, "PFEZ eta elkarteen gaineko zerga barne"; iruzur fiskalaren kontra batzorde bat eratzea eta erakundeen artean datuak trukatzea; ekonomia suspertzeko 200 milioi euroko diru-funtsa sortzea, ikerketara eta garapenera bideratuta, Bruselak defizit helburuak malgutzen dituenean beti ere; laugarren konpromisoa enplegurako elkartasun funtsa izango litzateke, bertan 40 milioi euro bideratuko lirateke langabezian denbora asko daramaten eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonak kontratazioa sustatzeko; bosgarren konpromisoa autonomoei eta enpresa txikiei ekintzailetzan laguntzeko egitasmo batean datza, eta 5 milioi euroko funtsa aurreikusi du; azkenik, sektore publikoa % 25 murrizteko konpromisoa agertu du.

Itunerako proposamen horrek Legebiltzarreko alderdi guztiei eragiten die, EH Bilduri ere bai, nahiz eta duela egun batzuk lehendakariak proposamena PSE-EEri eta PPri egiten ziela adierazi.

Egonkortasunerako itunak oinarri izango dituen konpromiso horien berri izan aurretik, PSE-EEk eta PPk agerian utzi dute zein izango den haien jarrera itunak egiteko garaian.

Hori horrela, PP prest agertu da Jaurlaritzarekin negoziatzeko, baina Estatus politiko berriaren ideia baztertzea exijitu dio. "Hor ez du PP aurkituko. Hori da guk jarriko dugun marra gorria, baina argi utzita eskua luzatzen dizuegula eta egonkortasunerako plana aurrera eramateko lan egiteko prest gaudela", adierazi du Quirogak.

PSE-EEk, berriz, argi adierazi du ez duela itunik egingo PP tartean egonda, "murrizketen sustatzaile nagusia" delako.

Era berean, "zerbitzu publikoak eta laguntza sozialak blindatzeko ituna" sinatzeko eta "kaleratzeak gelditzeko eta enplegua sortzeko neurriak eta baliabideak" iragartzeko deia egin dio lehendakariari.

Laura Mintegi EH Bilduren bozeramaileak "herri mailako akordioa" egiteko prest agertu da, baina ez EAJrekin bakarrik, baizik eta eragile ekonomiko, politiko eta sozial guztiekin.

Koalizio abertzalearen bozeramaileak larrialdi plan ekonomikoa proposatu du: finantzen euskal kontseiluan estabilitatearen legea adostea, fiskalitatea erreformatzea, murrizketarik ez egitea zerbitzu sozialetan.

Bestalde, egonkortasunerako itunik ez duela egingo jakinarazi du UPyDk, "independentzia eta murrizketa sozialak" oinarri dituen proiekturik ez duelako babestuko. Erreforma fiskala aldarrikatu du ekonomia suspertzeko neurri gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea