Politika -
Erreformen Plan Nazionala
2015era arte enplegurik sortuko ez dela aurreikusi du Gobernuak
Halaber, ekonomiak %1,3 egingo du behera aurten. % 6,3ra igo dute defizit-muga eta 2015a arte mantenduko dute PFEZari ezarritako igoera. Rajoyk Kongresuan aurkeztuko ditu erreformak, maiatzean.
Erredakzioa
Rajoyren Gobernuaren aurreikuspenen arabera, ekonomiak % 1,3 egingo du behera 2013an, iragarrita zegoen % 0,5aren aurrean. Langabezia-tasa, berriz, % 27,1ekoa izango da aurten, ostiral honetan Ministroen Kontseiluak onartu duen 2013-2016 Egonkortasun Programak biltzen dituen datuen arabera.
Aurreikuspenen arabera, langabezia-tasak % 27,1ean jarraituko du 2013an (urteko lehen hiruhilekoan dagoeneko maila horretan kokatu da), % 26,7ra jaitsiko da 2014an, eta % 25,8ra, berriz, 2015ean. Datu horiek agerian utzi dutenez, enplegua suntsitzen jarraituko du Espainiak 2013an eta 2014an (% 3,4 eta %0,4 hurrenez hurren), eta zertxobait gora egingo du 2015ean eta 2016an (% 0,3 eta %0,7).
Hala, Gobernuak onartu egin du Rajoy presidentziara heldu zenekoa baino langabezia-tasa handiarekin bukatuko duela legegintzaldia.
Gobernuak, halaber, % 6,3ra igo du 2013rako defizit-muga, aurreikusitako % 4,5aren aldean. 2014an defizita % 5,5eakoa izango dela uste dute, eta % 4,1era jaitsiko da 2015ean. Beraz, 2016a arte ez da iritsiko defizita Europak eskatutako %3ko mugara (%2,7an kokatuko da 2016an).
Bestalde, Espainiaren zorra ere hamar puntu baino gehiago igoko da aurten eta datorren urtean, eta, aurreikuspen arabera BPGaren % 100etik gertu geratu gera liteke 2016an.
Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak eman du datuen berri ostiral honetan, prentsaurrekoan, Luis de Guindos eta Cristobal Montoro ministroekin batera.
Zergak
Presidenteordeak baieztatu duenez, Gobernuak ez ditu ''zerga handiak'' igoko, eta, horren harian, PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta BEZa aipatu ditu bereziki. Hala ere, ingurumenari lotutako fiskalitatean, zerga berezietan eta bankuetako gordailuetan ''zenbait doikuntza'' egingo dituztela aurreratu du. Hala, bankuetako gordailuen gainean finantza erakundeei ezarriko dieten zergari esker 250 eta 300 milioi euro artean biltzea aurreikusi du Gobernuak.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, zerga bereziak bakarrik ukituko dituzte (besteak beste tabakoa, alkohola, hidrokarburoak eta elektrizitatea daude bertan), baina Montorok dagoeneko aurreratu du ez dutela hidrokarburoen gaineko zerga igoko, ''prezioa dagoeneko altuegia delako''. Halaber, ostalaritzari kalte egin diezaieketen zergak igotzea ere baztertu dute.
''Etorkizunean'', eta ''ahal den neurrian'' PFEZ eta BEZ zergak ''malgutzen'' saiatuko direla esan duten arren, Ogasun ministroak iragarri du 2012rako eta 2013rako aurreikusita zegoen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren igoera 2014an ere mantenduko dutela. ''PFEZari ezarritako karga berezia 2015ean kenduko dugu, arinago egitea ezinezkoa delako'', azaldu du.
Halaber, 20 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa duten enpresa handiei orain arte sozietate-zergan ezarritako kenkaria bertan behera utziko dutela ere aurreratu dute.
"Espainiako herritarrei ez dizkiegu ahalegin gehiago eskatuko'', esan du Soraya Saez de Santamariak, eta Gobernuak bere politika ekonomikoa aldatuko ez duela berretsi du, politika hori ezin delako inprobisatu. ''Orain artekoaren berdina izango da'', gaineratu du.
Autonomia erkidegoen defizit-muga
Espainiako Gobernuak 0,5 igo du aurtengo defizit-muga autonomia erkidegoentzat. Hasieran, % 0,7ko defizit-muga ezarri bazitzaien ere, % 1,2ko muga izango dute. Halaber, Ogasun ministroak adierazi duenez, aurrerantzean Estatuak hitzarmen gutxiago egingo ditu autonomiekin eta udalekin, eta, beraz, zerbitzu publikoak finantzatzeko diru gutxiago izango dute.
Finantziazio gastuak
Azken aldian, Espainiak interes baxuan saldu du bere zorra, eta Luis de Guindos Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun ministroak esan du litekeena dela enpresek ere finantziazioa lortzeko erraztasunak izatea, aurrerantzean.
Erretiroa, 70 urterekin
Bestalde, Ogasun sailburuak ziurtatu du Gobernuak ez duela erretiroa hartzeko legezko adina 70 urtera igotzeko asmorik.
Rajoyk Kongresuan azalduko ditu erreformak
Diputatuen Kongresuan agerraldia egingo du Mariano Rajoy presidenteak, ostiral honetan Ministroen Kontseiluak onartu dituen Erreformen Plan Nazionala eta 2013-2016 Egonkortasun Programa aurkezteko. Neurriok Bruselara igorriko ditu Gobernuak. Soraya Saez de Santamariak adierazi duenez, agerraldia ''ahalik eta arinen'' egitea dute helburu, baina maiatzaren bigarrena astea heldu arte ezin izango dutela egin aitortu du.
Bruselak babestu egin du defizitaren zuzenketa 2016a arte atzeratzea
Europako Batzordeak babestu egin du Espainiak defizitaren zuzenketa 2016a arte atzeratzea, ''egoera ekonomiko latza'' kontuan izanda bereziki. EBren hitzetan, erabakia''koherentea'' da, egungo analisia oinarri hartuta. Azken erabakia, edonola ere, maiatzaren 29an kaleratuko du Europako Batzordeak.