Politika -
Aske Gunea
Segiko zigortuetako batek bere burua entregatu du Martutenen
Imanol Vicente gaztea, senitartekoek lagunduta, Donostiako espetxera joan da bere burua entregatzeko eta Auzitegi Nazionalak ezarritako sei urteko zigorra betetzeko.
Erredakzioa
Imanol Vicente gazteak bere burua entregatu du gaur Martuteneko kartzelan. Iragan ostiralean, Auzitegi Gorenak zigortutako Segiko sei gazte atxilotu zituen Ertzaintzak Donostian. Ertzaintzak ez zuen Vicente orduan atxilotu.
Segurtasun Sailak baieztatu duenez, 17:30 aldera Imanol Vicente Donostiako espetxean azaldu da, senitartekoek lagunduta. Auzitegi Nazionalak sei urteko kartzela-zigorra ezarri zion banda armatuko kide izateagatik.
Iragan ostiralean, Segiko zortzi kideetatik sei atxilotu zituen Ertzaintzak, eta ezker abertzaleko mila bat jarraitzaile Boulevardetik irtenarazi zituen.
Imanol Vicentek eta Nahikari Otaegik ez zuten Aske Gunean parte hartu, arrazoi pertsonalak argudiatuta. Aste honetan bere burua entregatuko duela iragarri zuen atzo Otaegik.
Segiko gazteen espetxeratzea "irmo salatu" du gaur Donostiako EH Bilduk, eta "jazarpen politikoari amaiera ematea" eskatu du.
Xabi Soto, Ainhoa Beola eta Joseba Alvarez EH Bilduko ordezkariak Boulevardean. EFE