Politika -
Nafarroako Kutxa Auzia
Epaileak Roberto Jimenez eta Alberto Catalan deitu ditu, lekuko gisa
PSNko idazkari nagusiak eta Nafarroako Parlamentuko presidenteak maiatzaren 10ean deklaratuko dute. Besteak beste, Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria ere deitu dute.
Erredakzioa
Nafarroako Kutxako (CAN) ustezko dieta irregularren auzia ikertzen ari den epaileak Alberto Catalan Foru Parlamentuko presidentea, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia eta Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria deitu ditu, lekuko gisa deklaratzeko.
Horiekin batera, Carlos Garcia Adanero UPNren bozeramaileak, Samuel Caro parlamentari sozialistak eta Javier Caballero Foru Gobernuko presidenteorde ohiak ere deklaratuko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusitik jakinarazi dutenez.
Maiatzaren 10ean izango dira denak epailearen aurrean.
Auzi honetan, Maria Paz Benito epaileak Miguel Sanz Foru Gobernuko presidente ohia, Enrique Maya Iruñeko alkatea eta Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun kontseilaria inputatu ditu, CANen karguak zituztenean legez kanpoko dieta bikoitzak eta hirukoitzak kobratu izana egotzita.
Hiru inputatuek, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak [ez dute inputatu, forupekoa delako] eta gaur lekuko gisa deitutakoek CANeko Erakunde Sortzaileen Batzordea osatzen zuten, eta horregatik jasotzen zituzten dietak.
Horrez gainera, Sanzek, Mayak, Mirandak eta Barcinak Batzorde Iraunkorra osatzen zuten [irakurri: honela funtzionatzen zuen CANek], 2011. urtea arte ezagutzen ez zen barne organo bat, eta, horretako kide izateagatik, hain zuzen ere, jaso zituzten ustezko dieta irregularrak.
Aktak ikertzea agindu dio Guardia Zibilari
Bestalde, epaileak Batzorde Iraunkorraren bileren aktak aztertzeko agindu dio Guardia Zibilari, horietan a posteriori aldaketak egin zituzten egiaztatzeko.
Kontuz elkarteak eta UPyD alderdiak salaketa aurkeztu zutelako hasi dira auzitegietan Nafarroako Kutxaren jarduna ikertzen.