Politika -
Zentsura-mozioaren ondoren
Barcinak bilera proposatu dio Jimenezi eta sozialistak onartu egin du
Batzarra Nafarroako Parlamentuan eta publikoki egitea eskatu du PSNko buruak, hitzorduari ''ahalik eta gardentasun handiena'' emateko.
Erredakzioa
Yolanda Barcina Nafarroako eta UPNko presidenteak bilera bat egitea proposatu dio astearte honetan Roberto Jimenez PSNko buruari, eta batzar hori Parlamentuan egin beharko litzatekeela erantzun dio Jimenezek Barcinari. Iturri ezberdinen arabera, Nafarroako egonkortasuna jorratuko lukete hitzordu horretan.
UPNko presidenteak berak deitu dio Jimenezi telefonoz, sozialisten egoitzara, eta Jimenezek eskutitz bidez erantzun dio Barcinari, PSNko iturrien arabera.
Batzarra Nafarroako Parlamentuan eta publikoki egitea eskatu du PSNko buruak testu horretan, hitzorduari ''ahalik eta gardentasun handiena'' emateko.
Azken egunotan PSNk Barcinaren dimisioa eskatu izan duela gogoratu du Jimenezek, eta UPNko presidentearekin elkartzeak derrigorrez akordioak lortu behar izatea ez dakarrela gaineratu du.
Halaber, alderdi guztiekin hitz egiteko asmoa berretsi du sozialistak, eta UPNrekin aldebiko lehentasunezko harremana ezartzea ukatu du, Diario de Noticias komunikabideak kaleratu duenez.
UPNrekin ez duela berriz koalizio gobernurik osatuko ziurtatu du PSNk
Gaur bertan, bileraren ingurukoak jakin baino lehen, UPNrekin berriz ere koalizio gobernurik osatuko ez dutela ziurtatu du Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak, eta Yolanda Barcinaren aurkako zentsura mozio bat aurkezteko aukera baztertu egin du.