Politika -
Zentsura Mozioa Nafarroan
Yolanda Barcinak gainditu egin du Nafarroako lehen zentsura-mozioa
Aurreikusi bezala, Parlamentuak atzera bota du zentsura mozioa, aldeko 18 boto, kontrako 23 eta 9 abstentziorekin (PSN). Ondoren, gainerako alderdiekin irtenbideak aurkitzeko prest agertu da Barcina.
Erredakzioa
Aurreikusi bezala, Nafarroako Parlamentuak atzera bota du Yolanda Barcina Foru Gobernuko presidentearen aurka Bilduk eta Aralar-NaBaik aurkeztutako zentsura-mozioa.
Iragarri bezala, ganberako 50 parlamentarietako 18k baino ez dute alde bozkatu: Bilduren zazpiek, Aralar-NaBairen seiek, Ezkerrako hirurek eta Geroa Baiko biek. UPNk (19) eta PPk (4) aurka egin dute, eta PSN (9) abstenitu egin da.
Azken momentura arte, boto asmoa aldatu eta ekimenaren aldekoa emateko deia egin diote Bilduk eta Aralar-NaBaik PSNri, sozialistek Barcinaren dimisioa eskaerarekin bat egin dutela ikusita. Baina, azkenean, ez da hala izan, eta, iragarri bezala, abstenitu egin dira.
Zentsura-mozioa gainditu ondoren, gainerako alderdiekin irtenbideak aurkitzeko prest agertu da Barcina, Nafarroak dituen arazoak gainditu eta bereziki krisi ekonomikoari aurre egiteko.
Nafarroako lehen zentsura mozioa
Nafarroaren historiako lehen zentsua-mozioa izan da. Berau aurkeztu duten taldeek Juan Carlos Longas NaBaiko parlamentari independentea proposatu dute Gobernuko presidente kargurako, eta hauteskundeak aurreratuko zituzketela iragarri dute.
Zehazki aipatu ez badute ere, Nafarroako Kutxaren (CAN) auziaren ondorioz aurkeztu dute zentsura-mozioa. Egunotan, Miguel Sanz Foru Gobernuko presidente ohiak, Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohiak eta Enrique Maya Iruñeko alkateak inputatu gisa deklaratu dute, auzi horren baitan.
Barcina ez dute inputatu, forupekoa baita. Horrenbestez, deklaratzera deitu nahiko balute, Auzitegi Gorenak egin beharko luke.
Parlamentuaren aurrealdean, hamar bat pertsonak elkarretaratzea egin dute, "Barcina go home" plataformak deituta, eta parlamentariei oihuka egin diete harrera. Besteak beste, "lotsagabeak" eta "lapurrak" aldarriak oihukatu dizkiete.
Barcina
Saioan sartu baino lehen, zentsura mozioak "alternatibarik" ez dagoela erakutsiko duela nabarmendu du Barcinak.
"Bilduk alternatiba izan nahi du, eta [zentsura mozioa] estrategia bat da", esan du foru presidenteak.
Horren esanetan, Parlamentuaren kanpoaldeko protesta ezker abertzaleak sustatu du.
Bildu
Saioan, Bakartxo Ruiz Bilduko bozeramaileak "harro" defendatu du zentsura mozioa, eta Nafarroako gizatea UPNren Gobernuarekin "nazkatuta" dagoelako aurkeztu dutela azaldu du.
Parlamentari abertzalea oso kritiko agertu da Gobernuaren politika ekonomikoekin eta murrizketa sozialekin, eta CANeko dieten auziari "eskandalua" iritzi dio.
Hori horrela, zentsura mozioa aurkeztea "ondo pentsatu" duten erabakia izan dela aurreratu du. "Arrazoi asko dago aurkezteko, tartean Foru Gobernua egoera ekonomikoari aurre egiteko gai ez dela".
Ruizen hitzetan, UPNk "entzungor" egin die Parlamentuaren eskakizunei eta herritarrei, eta "ustelkeriaz inguratuta" daude.
NaBai
Juan Carlos Longasen aburuz, "hauteskundeak aurreratzeak baino ez luke ahalbidetuko Nafarroak behar duen suspertze politikoa gauzatzea".
Bere hautagaitza "irekia eta eraikitzailea" dela eta akordioak lortzeko prest dagoela esan du, "egoera jasangaitza" baita herritarrentzat.
UPN
Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramaileak "iruzur"tzat jo du zentsura mozioa, eta "hauteskunde estrategia" hutsa dela iradoki du.
"Ez da hauteskundeetarako unea, konponbideetarako unea baizik", nabarmendu du. Garcia Adanerok ez du "batere argi" zentsura mozioak aurrera egitekotan Juan Carlos Longasek hauteskundeak deituko dituen. "Agintera heltzen badira, ez dira mugituko", gaitzetsi du.
PSN
Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak berretsi egin du abstenituko direla, baina agintean jarraituz gero, egoera "jasangaitza" izango litzatekeela ohartarazi dio Barcinari.
Jimenezen hitzetan, zentsura mozioa "zilegia" da, eta, horrenbestez, "errespetua" eskatu du sustatu duten taldeentzat, baina ekimenak "usain alderdikoia" duela eta "hilik" jaio zela deitoratu du.
PPN
Enrique Martin de Marcos PPNko bozermaileak adierazi duenez, mozioak "porrot" egingo du eta ez du "konponbiderik" ekarriko herritarrentzat. Horregatik, Gobernuaren aurkako "higadura estrategia" baten baitan kokatu du.
"Funts horiekin ezinezkoa da talde nazionalistak aldaketa politikoaren buruak bihurtzea", agertu du.
Hauteskundeak deitzea eskatu du Geroa Baik
Manu Aierdi atxiki gabeko Geroa Baiko parlamentariaren hitzetan Barcinaren Gobernua ''agortuta'' dago, eta, ''hauteskunde aurreratuz herritarrei hitz egiteko aukera '' ematearen alde agertu da. Horregatik, zentsura mozioaren alde egin du, ''aurrera egingo ez duela jakinda ere''.
Izquierda-Ezkerra
Nafarroako Jauregian duen eserlekuari ''eusten dion'' Gobernua bertatik kentzearen alde agertu da Jose Miguel Nuin Izquierda-Ezkerra taldeko bozeramailea, eta mozioari babesa eskaini dio.