Politika -

EAEko aurrekontuak

PPk posible ikusten du ituna aurrekontuetan, Urkullurekin bildu ostean

Basagoitiren arabera, Eusko Jaurlaritzak Aurrekontuen inguruan helarazi berri dien txostenak "akordio minimoa" lortzeko oinarria izan daiteke.

Urkullu eta Basagoiti, aurreko bilera batean. Argazkia: Efe
Urkullu eta Basagoiti, aurreko bilera batean.
Urkullu eta Basagoiti, aurreko bilera batean. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria Antonio Basagoiti PPren EAEko presidentearekin bildu da gaur goizean, eta buruzagi popularrak adierazi du Eusko Jaurlaritzak Aurrekontuen inguruan helarazi berri dien txostenak "akordio minimoa" lortzeko oinarria izan daitekeela.

Urkulluk bilera-sorta abiatu zuen aurtengo Aurrekontuak onartzeko babes bila, eta atzo PSE-EErekin bildu ostean, gaur PPren txanda izan da.

PPko iturriek jakitera eman dutenez, lehendakariak Aurrekontuak onartzea ahalbidetu dezakeen "dokumentu bat" helarazi dio Basagoitiri eta bertan "hainbat konpromiso agertzen dira, akordioa lotzeko oinarri izan daitezkeenak".

PPk orain "zehatz-mehatz" aztertuko du dokumentua eta gero erantzuna emango dio Jaurlaritzari; hala ere, "lehenengo irakurketa orokor baten ostean", PPk dio EAJren proposamenak aurrera egin dezakeela.

PPk "arduraz" jokatzeko deia egin die gainerako alderdi politikoei, PSE-EEri bereziki, "herri ikuspegiaz jokatzeko, alderdikeriez harago". Izan ere, popularren arabera, beharrezkoa da EAEk "egungo beharrei erantzungo dien Aurrekontua" izatea.

Urkullu Patxi Lopez PSE-EEren buruarekin bildu eta hurrengo egunean elkartu dira Jaurlaritza eta PP.

Sozialistek jakinarazi dutenez, Urkulluk helarazitako dokumentua aztertzen ari dira orain eta aste honetan bertan erantzun beharko dute, astelehenean amaitzen baita zuzenketak aurkezteko epea.

Hala ere, aurrekontuen proiektua ez dutela gogoko esan dute, diru-sarreren atala berdin utzi dutelako.

Lehendakariak, hala ere, zerga erreformez hitz egiteko prestutasuna agertu zion Lopezi, baina lehenengo Aurrekontuen onarpena ahalbidetzea eskatu zion.

Horren aurrean, Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak osoko zuzenketa aurkezteko asmoarekin jarraitzen dutela jakinarazi du.

EH Bilduko eta UPyDko iturrietatik adierazi dutenez, lehendakariak bilerak antolatu ditu haiekin ere, baina oraindik ez dute data jakinik.

Astelehenean amaituko da zuzenketak aurkezteko epea, baina akordioa lortzen badute, apirilaren 26ko osoko bilkura baino lehenago ken ditzakete.

Urkulluren Jaurlaritzak oztopo hori gaindituz gero, 29an eta 30ean eztabaidatuko dituzte zuzenketa partzialak. Maiatzaren 10a da azken data eta orduan jakingo da Aurrekontuak onartzen edo atzera botatzen diren.

"Gogoeta" diru-sarreren atalean

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Urkulluk oposizio osoari Aurrekontuetan akordioa lotzeko helaraziko dien dokumentuan etorkizunean izan daitezkeen balizko diru-sarreren inguruko "gogoeta" jaso dute.

Erkorekaren arabera, "ardura eta elkarlanerako proposamena da". Hala ere, bozeramaileak ez ditu dokumentuaren xehetasunak jakinarazi nahi izan, baina diru-sarreren eta gastuen inguruko "proposamen zehatzagoa" agertzen dela aitortu du.

Horren harira, aurten diru-sarrera berriak egongo balira nola erantzuteko asmoa izango luketen agertzen omen da dokumentuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea