Politika -
Elkarrizketa ETBn
Atutxa: 'EAJ guztia ematen saiatu da luzapenera ez heltzeko'
EAJren BBBko presidentearen arabera, Aurrekontuen balizko luzapen batek Eusko Jaurlaritzari baino kalte gehiago egingo lioke gizarteari.
Erredakzioa
Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidentearen arabera, Aurrekontuen balizko luzapen batek Eusko Jaurlaritzari baino kalte gehiago egingo lioke gizarteari. Azkenean, luzapena gauzatzen bada, ez dela EAJk hori saihesteko "guztia eman ez duelako " izango ziurtatu du buruzagi jeltzaleak.
ETBn eskainitako elkarrizketa batean, Atutxak adierazi duenez, EH Bildu da Aurrekontuen gaineko akordio batera heltzeko "aurretiaz aukera gutxien" uzten duen alderdia. PSE-EEk, berriz, "osoko zuzenketa aurkeztuko duela esan arren, eta badirudi hala izango dela", Patxi Lopezek joan den astean "akordio zabalago batera heltzeko bide bat irekita" utzi zuela gogoratu du.
Hala, "agian, aurrekontuen akordio baten inguruan edo proposamen bat nola adostu eztabaidatzen ari garen bitartean" sozialistekin beste "bide bat irekita" egotea posible izan daitekeela adierazi du.
Sozialistak, Aurrekontuen kontrako jarrera eta iritziak agerian utzi arren, "etorkizun batean Legebiltzarrean egonkortasuna eta akordio bat lortzea beharrezkoa" izango dela esaten hasi direla adierazi du Atutxak. "Azkenean garenak gara, eta norbaitekin akordioetara heldu beharko dugu", azaldu du.