Politika -

Kontrol saioa Jaurlaritzari

Beltran bat dator Ertzaintzaren zuzendariarekin Cabacasen inguruan

Darponen arabera, "ez gaude ados koordainketaren sistemarekin eta ez dugu uste ezer onik ekarriko dionik gure sistemari". "Ez dakit non dagoen arazoa" Petronorren ez egotegatik, esan du Urkulluk.

Lehendakariak eta sailburuek legebiltzarkideen galderak erantzun dituzte, Irudia: EiTB
Lehendakariak eta sailburuek legebiltzarkideen galderak erantzun dituzte, Irudia: EiTB
Lehendakariak eta sailburuek legebiltzarkideen galderak erantzun dituzte, Irudia: EiTB

I.G.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legebiltzarreko kontrol saioan, Ertzaintzaren zuzendariak Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruan egindako adierazpenez galdetu dio EH Bilduk Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari, "istripua" izan zela esan baitzuen.

Sailburuaren esanetan, "Segurtasun Saila bat dator Ertzaintzaren zuzendariaren iritziarekin" eta, ziurtatu duenez, "istripua" izan zen "ez zutelako istripua gertatzeko borondaterik" izan.

"Ez izan inolako zalantzarik ebazpenak eta erantzukizunak onartuko ditugula, eta zorrotz jokatuko dugula". "Epaitegiko instrukzioak argitu beharko du gertatutakoa", gaineratu du Beltran de Herediak.

Segurtasun sailburuak Gabirondoren iritziarekin bat datorrela ziurtatu du, "operazio horretan, inork ez baitzuen heriotza eragiteko asmorik izan". Hori dela eta, "polemika faltsuak eta Cabacasen familia jasaten ari den samina ez areagotzeko" deia egin du.

 

Coke plantaren inaugurazioa

Bestalde, EH Bildu eta Alderdi Popularra talde parlamentarioek Petronorren coke plantaren inaugurazioari eta ekitaldira ez joateari buruz galdetu diote, hurrenez hurren, Iñigo Urkullu lehendakariari.

Lehendakariak esan duenez, "bat nator inbertsioa positiboa izan dela esaten. Enplegua sortu eta mantenduko du. Energia alorrean aurrea egin dugu, herrialde aurreratuenen bidetik".

Coke plantaren inauguraziora ez joatearen inguruan, Iñigo Urkulluk talde popularrak egindako galderari erantzuna eman dio: "Ez nintzen ekitaldira joan agenda arrazoiengatik, ez Jaurlaritza nahasi delako".

Lehendakariak esan du 16 egun lehenago eman ziotela inaugurazioaren berri, eta "konpromiso pertsonalekin bat egitea ezinezkoa izan zen". "Inaugurazioa noiz izango zen jakin nuenean barkamena eskatu nuen ez joategatik eta nire konpromiso pertsonalak azaldu nituen". "Ez dakit non dagoen arazoa", nabarmendu du.

 

Koordainketa Euskadin

Jon Darpon Osasun sailburuak koordainketari buruz hitz egin du; "Jaurlaritza beti agertu da koordainketaren kontra eta, bereziki, koordainketa farmazeutikoaren kontra".

"Argi daukagu sistema hori ez dela bidezkoa, fiskalitatearen ikuspuntutik", nabarmendu du. "Ez gaude ados koordainketaren sistemarekin eta ez dugu uste ezer onik ekartzen dionik osasun sistemari", esan du Darponek talde sozialistaren galderari erantzunda.

 

BECen etorkizuna

PPk BEC Bilbao Exhibition Center erakusketa zentroaren etorkizunari buruzko galdera bat erregistratu du, eta Arantza Tapia Garapen Ekonomikoaren sailburuak eman du erantzuna.

Tapiak BECen finantzaketaren gaineko zehaztasunak eman ditu; sailburuaren arabera, finantzaketa bi kredituren bidez egiten da, horietako bat 250 milioi eurokoa -Aldundiak eta Jaurlaritzak 12 milioi euro ematen dituzte urtean kreditu hori ordaintzeko-. Bestea, 150 milioi eurokoa da, eta horren interesak baino ez dira ordaintzen.

Etorkizunera begira, sailburuak Jaurlaritzaren helburuen eta asmoen berri eman du; batetik, BECen instalazioen presidentetza hartu duela adierazi du eta, bestetik, jasangarritasun plana jakitera eman du.

Planari dagokionez, bi ardatz nagusi ditu: erabiltzen ez den lekua dibersifikatzea du helburu eta pertsonalaren gastuak jarduera errealera egokitu. Gainera, negozio-eredu bat garatuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea