Politika -
Agerraldia
Honela kontatu dizugu lehendakariaren agerraldia, zuzenean
Iñigo Urkulluk agerraldia egin du, legegintzaldi honetarako programa aurkezteko.
D.P.
13:07. Bukatu da Iñigo Urkullu lehendakariaren agerraldia.
12:59. Legegintzaldirako programa Legebiltzarrera igorri duela esan du Urkulluk. Agerraldi honetan ez du programaren edukia azaldu.
12:52. Arrazoi pertsonalak argudiatu ditu koke plantaren inauguraziora ez joateko, eta hedabideek bere familia tratatu duten modua salatu du: "Minduta nago nire familia tratatu duten moduagatik, ez dut batere onartzen nire esparru pribatua hedabideetan ikustea".
12:50. Lehendakari den lehen unetik "lehendakari zereginak bete" dituela esan du Urkulluk.
12:47. Gehiago Petronorren polemikaren harira: "Ez nuen nire burua lehendakari gisa deitua sentitu".
12:43. Urkullu "oso minduta" agertu da, Petronorreko ekitaldira ez joateagatik sortu den polemikagatik.
12:38. Petronorren koke plantaren inauguraziora joan ez izanak ez ziola "inori" kalte egin argudiatu du lehendakariak: "Jaurlaritzak ordezkaritza zabala bidali zuen".
12:31. Aurrekontu proiektuaren aurka osoko zuzenketa aurkeztuko duten alderdiei (EH Bildu, PSE-EE eta UPyD) murrizketak non egingo lituzketen galdetu die lehendakariak.
12:25. Aurrekontuak ez onartzea ez zela inorentzat onuragarri izango nabarmendu du, eta hala gertatzen bada, sustapen eta enplegu planak abiatzeko zailtasunak izango dituztela deitoratu du.
12:22. Lehendakaria "etorkizuneko diru-sarrerak" adosteko prest agertu da.
12:19. Aurrekontuen negoziazioan, "aurrerapausoak" egin dituztela esan du lehendakariak. Talde parlamentarioekin "hitz egiteko eta negoziatzeko prest" agertu da.
12:17. Programaren oinarriak "pertsonak, bakea eta autogobernua" izango direla dio. "160 helburu eta 615 ekimen" izango dituzte.
12:15. Legegintzaldiko "1.000 egun" izeneko programa Legebiltzarrera igorriko dutela aurreratu du Urkulluk.
12:14. Lehendakariak hartu du hitza. Legegintzaldiko programa zehazten hasi da.
12:13. Erkorekaren esanetan, Jaurlaritzak % 21,12 argaldu du Administrazioaren egitura, eta goi-kargudunak 265 izatetik 209 izatera pasatu dira. 4 milioi euro aurreztuko dituzte horrela, urtean.
12:09. Hitz egiten lehena Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea da, Gobernu bileran hartutako erabakiak iragartzen ari da.
12:07. Hasi egin da lehendakariaren agerraldia.
11:53. Urkulluk agintaldi honetako programa aurkeztuko du, eta Erkorekak sailen egitura dekretuak.
11:45. Hamabost minutu barru hasiko da Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Josu Erkoreka bozeramailearen prentsaurrekoa. Jarraitu zuzenean streaming bidez.