Politika -
Noos auzia
Cristina infantak ez du, oraingoz, apirilaren 27an deklaratuko
Jose Castro epaileak bertan behera utzi du, oraingoz, Cristina infantaren deklarazioa, apirilaren 27rako aurreikusita zegoena, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak helegitea jarri ostean.
Erredakzioa
Jose Castro epaileak bertan behera utzi du, behin behinean, Cristina infantaren deklarazioa, apirilaren 27rako aurreikusita zegoena, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak helegitea jarri ostean.
Palmako Lurralde Auzitegiak fiskalak jarritako helegitearen gaineko erabakia kaleratu ondoren zehaztu beharko du Castro epaileak infanta noiz deituko duen..
Erabakiaren idazkian, Castro epaileak nabarmendu du ez dela apirilaren 27ko saioa mantendu behar, mantenduz gero Fiskaltzak "jarritako helegitea eraginkortasunik eta baliorik gabe utziko lukeelako"; Palmako Auzitegiak erabaki beharko du horren inguruan.
Pedro Horrach ustelkeriaren kontrako fiskalak helegitea aurkeztu du goizean Cristina Espainiako infanta Noos auzian inputatzen duen Jose Castro epailearen autoaren kontra.
Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzaren arabera, ez dago Cristina Infantza Noos Institutuaren jarduerarekin lotzeko zantzu kriminalik. Hori dela eta, Ministerio Publikoak deklarazioa geldiarazi nahi du.
Behin helegitea aurkeztuta, Jose Castro epaileak bi aukera izango ditu: helegiteari ohiko bidea eman, beste erabakirik hartu gabe; ala zitazioa geldiarazteko erabakia hartu. Iturri judizialek baieztatu dutenez, azken hori egingo balu, helegitea ebazteko denbora egotea bermatuko litzateke.
Miquel Roca izango da abokatua
Miquel Roca Junyent abokatu kataluniarrak, eta Konstituzioaren sortzaileetako batek, Juan Carlos erregearen deia jaso du Cristina infanta defendatzeko Noos auzian inputatzearen kontrako helegiteak prozesua geldiarazi ezean, La Vanguardiaren arabera.