Politika -
Noos auzia
Fiskalak helegitea aurkeztu du Cristina infanta inputatzearen aurka
Jose Castro epaileak bi aukera izango ditu: helegiteari ohiko bidea eman, beste erabakirik hartu gabe; ala zitazioa geldiarazteko erabakia hartu.
Erredakzioa
Pedro Horrach ustelkeriaren kontrako fiskalak helegitea aurkeztu du Cristina Espainiako infanta Noos auzian inputatzen duen Jose Castro epailearen autoaren kontra.
Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzaren arabera, ez dago Cristina Infantza Noos Institutuaren jarduerarekin lotzeko zantzu kriminalik. Hori dela eta, Ministerio Publikoak deklarazioa geldiarazi nahi du.
Behin helegitea aurkeztuta, Jose Castro epaileak bi aukera izango ditu: helegiteari ohiko bidea eman, beste erabakirik hartu gabe; ala zitazioa geldiarazteko erabakia hartu. Iturri judizialek baieztatu dutenez, azken hori egingo balu, helegitea ebazteko denbora egotea bermatuko litzateke.
Palmako Auzitegiak helegitearen inguruan kaleratu beharko lukeen ebazpena ez litzateke berehalakoa izango, berau aurkezteko izapideek egun batzuk behar dituztelako, eta berez organismo judizialak duen lanaren zamagatik.
Miquel Roca izango da abokatua
Miquel Roca Junyent abokatu kataluniarrak, eta Konstituzioaren sortzaileetako batek, Juan Carlos erregearen deia jaso du Cristina infanta defendatzeko Noos auzian inputatzearen kontrako helegiteak prozesua geldiarazi ezean, La Vanguardiaren arabera.