Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Ertzaintzako zuzendaria: 'Cabacasen heriotza istripu bat izan zen'
Hala ere, ertzainek "hobeto jokatzeko edo beste erantzun bat emateko" aukera izan zutela onartu du Gabirondok. "Gomazko pilotak oraindik hor daude, eta hor jarraituko dute", adierazi du.
Erredakzioa
Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariaren hitzetan, Iñigo Cabacas Athleticeko jarraitzailearen heriotza "istripu" bat izan zen. Zale zuri-gorria duela urtebete hil zen ertzainek jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo eta gero.
Euskadi Irratiko 'Mezularia' saioan egindako elkarrizketan, ertzainek "hori egiteko asmorik" ez zutela izan adierazi du Gabirondok. Ertzaintzak gertatutakoa "sentitzen" duela erantsi du agintariak.
Erantzukizuna penala denez Ertzaintzak frogak epailearen esku utzi behar zituela azaldu du Gabirondok, horretarako "agindua" duelako. Auziari buruz "gutxi" dakiela aitortu du Gabirondok, sumarioa "sekretupean" dagoelako.
Orain "epaileen erabakiaren zain" egotea "besterik ez dago", azaldu du Ertzaintzako arduradunak. Hala ere, ertzainek "hobeto jokatzeko edo beste erantzun bat emateko" aukera izan zutela onartu du Gabirondok.
Ertzaintzak barne ikerketa bat egiteko aukera duela onartu du Gabirondok, baina "garrantzitsuena arlo penala" dela erantsi du, "eta hori epaileen esku dago".
Gertatutakoa "gogoeta" egiteko balio izan zaiela adierazi du Ertzaintzako zuzendariak. "30 urtetan ez da halako istripu larririk gertatu", esan du.
Gomazko pilotak
Zentzu horretan, Ertzaintzak gomazko pilotak erabiltzen jarraituko duela argi utzi du Gabirondok. "Gomazko pilotak oraindik hor daude, eta hor jarraituko dute", adierazi du.
Ertzaintzako agintariaren hitzetan, "erremintak ondo erabili behar ditugu". Hala ere, eskopeta berri batzuk polizia-etxe guztietara helduko direla jakitera eman du Gabirondok. Eskopeta berri horiek ez dituzte gomazko pilotak erabiliko.
Hala eta guztiz ere, Ertzaintzako brigada mobilek bi arma motak erabiltzeko aukera izango dutela azaldu du. Hau da, ertzainek gomazko pilotak edo eskopeta berriak erabiltzeko aukera izango dute aurrerantzean.
Goirizelaia: "Karga hura ez zuten sekula egin behar izan"
Zale zuri-gorriaren heriotzarekin "amaitu" zen karga, "sekula" egin behar izan ez zutela esan du Jone Goirizelaia Cabacasen senitartekoen abokatuak.
"Printzipioz" ertzain batzuk epailarekin lanean ari dira, baina ez dute "ekarpen berririk" egin, azaldu du Goirizelaiak Radio Euskadin.
Goirizelaiaren ahotan, ikerketa akusazio popularrak eta epaileak bultzatuta aurrera egiten ari da.
Agindua Deustuko polizia-etxetik heldu ote zen galdetu diote abokatuari. "Inork ez du infomazioa gezurtatu", esan du Goirizelaiak, "ondorioz, ziur jakin behar dute".
"Inork ez du esan hori hala gertatu ez zenik, eta hori karga egiteko beharrik ez zegoela baieztatu du. Iñigo akabatu zuen karga ez zuten sekula egin behar izan", gaineratu du.