Politika -

CANeko dietak

Inputazioak 'larriak eta kezkagarriak' dira, alderdi nafarren esanetan

PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik, GeroaBaik eta I-Ek erantzuteko eskatu diote UPNri. Barcinaren alderdiak, berriz, "auzitegiak esaten duenaren arabera" jokatuko duela iragarri du.

Nafarroako Parlamentua. Argazkia: EiTB
Nafarroako Parlamentua.
Alderdi nafarrentzat ''larriak eta kezkagarriak'' dira inputazioak

1:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSN, Bildu, GeroaBai, Aralar-NaBai eta I-E alderdi nafarrentzat "larria eta kezkagarria" da Miguel Sanz Nafarroako presidente ohia, Enrique Maya Iruñeko alkatea eta Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun kontseilari ohia CANeko dietengatik inputatuta egotea.

UPNk, bere aldetik, "auzitegiak esaten duenaren eta denen defentsarako eskubidearen" arabera jokatuko duela azpimarratu du, eta Nafarroako PPk "ardura politikoak" eskatu ditu.

Carlos Garcia Adanero UPNren Parlamentuko bozeramaileak azaldu duenez, "prozesu judizial baten izapidea" da inputazioa.

Juan Jose Lizarbe PSNren ordezkariak, bere aldetik, babesa agertu die "Nafarroan ustez izan diren irregulartasun egoerak argitzen lagunduko duten erabaki judizialei. Gainera, CANeko ezkutuko Batzorde Iraunkorrak ez zuela oinarri politikorik eta juridikorik pentsatu izan dugu hasieratik".

Barcina inputatuta ez dutela eta, "ikusi egin beharko dugu zer gertatzen den, zeren ez daude lauak inputatuta, baina Batzordea osatzen zuten lau lagunetako hiruren balizko delituek lauei eragiten die", adierazi du Lizarbek.

Bakartxo Ruiz Bilduren bozeramailearentzat, "oso larriak" dira inputazioak eta Barcina "forupekoa izateagatik" ez dutela inputatu gogorarazi du. Hori dela eta, aste honetan Parlamentuan sartuko duten zentsura-mozioak "inoiz baino garrantzia handiagoa" duela esan du.

Uxue Barkos Geroa Bairen buruak "erantzun argia" eskatu dio UPNri. Barkos, Iruñeko Udalean Geroa Bairen bozeramaile ere badenak, "erabateko errespetua" eskatu dio epailearen lanari, bere lana "ez baita beste alorretatik sekula oztopatu behar".

Hala ere, UPNk "erantzun politikoa eman beharra" duela azpimarratu du, eta erabaki horrek lehenik kargu publikoa duenari eragin behar diola, Enrique Maya alkateari hain zuzen ere.

Aralar-NaBaitik Asun Fernandez Garaialdek hitz egin du eta "oso egoera larria eta onartezina" dela salatu du. Hori horrela, Barcinaren eta Mayaren dimisioak eskatu ditu. Fernandez Garaialderentzat ere "inoiz baino egokiagoa da orain zentsura mozioa".

Jose Miguel Nuin I-Eko parlamentariaren ustez "Nafarroako egoera politikoa jasanezina da" eta hiru inputazioen ostean, "Barcinaren dimisioa eta hauteskundeak deitzea" eskatzen jarraitzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea