Politika -

Estrasburgoren ebazpena

Parot doktrina da bake prozesua desblokeatzeko giltza, Sorturen ustez

Hasier Arraiz alderdiko presidentearen esanetan, legea bertan behera geratuko balitz, kartzela-politika pitzatuko litzateke. Doktrinak onespena jasotzea espero dute biktimek eta PPk.

Hasier Arraiz Sorturen presidentea. Argazkia: EiTB
Hasier Arraiz Sorturen presidentea.
Hasier Arraiz Sorturen presidentea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasier Arraiz Sorturen presidenteak adierazi duenez, 'Parot doktrina' bertan behera geratzea izan daiteke bake prozesua "desblokeatzeko giltza" eta "pitzatu" egingo luke Espainiako Gobernuaren kartzela-politika.

Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "zaila" da Europako Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak emango duen ebazpena aurreikustea, izan ere, Espainiako Gobernuak "presio kanpaina handia egin du epaileen eta Estatuen gainean".

Ebazpenak 'Parot doktrina' onetsiz gero, bake prozesuarentzat "kolpe gogorra" izango litzatekeela aitortu du.

EAJ

Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzaleak "erabateko astakeria"tzat jo ditu Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren hitzak, 'Parot doktrina' deuseztatuz gero "ingeniaritza juridikoa" egingo dutela iragarri baitu "neurria saihesteko".

Hori horrela, Auzitegiak duela hilabete batzuk 'Parot doktrina'ren kontra eman zuen ebazpena berrestea espero du EAJren ordezkariak.

PP

Bestalde, Arantza Quiroga PPren Legebiltzarreko bozeramaileak adierazi duenez, Estrasburgoko Auzitegia 'Parot doktrina'ren kontra agertzen bada, "formulak" bilatu behar dira "Espainiako Justizia biktimekin justua dela bermatzeko".

Quirogaren esanetan, "Espainiako sistema judizialarekin eta biktimekin erabat justua" den legea onestea espero du PPk, izan ere, "ez da berdina pertsona bat hiltzea, eta 10 edo 20 hiltzea".

Nafarroako Gobernua

Nafarroako Gobernuak uste du 'Parot doktrina'ren "ezarpena eta interpretazioa eraginkorra" izan dela "terrorismoaren kontrako borrokan", hori dela eta, "mantendu" egin behar dela iritzi dio.

Juan Luis Sanchez de Munian bozeramaileak gaineratu duenez, Nafarroako Gobernua "terroristei Justizia aplikatzearen alde dago".

Biktimak

Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidentea, Angeles Pedraza Terrorismoaren Biktimen elkarteko presidentea eta Daniel Portero Dignidad y Justicia elkarteko presidentea Estrasburgora joan dira, jurisprudentzia errespeta dezala eta 'Parot doktrina'ri onespena eman diezaiola aldarrikatzeko.

"Europako Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak, Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak egin duten moduan, Justizia ezartzen jarraituko duela espero dugu", adierazi du Blancok hedabideen galderei erantzunez.

"Doktrina hori bertan behera geratuz gero, ia ehun terrorista anker aterako dira kartzelatik; baina ez horiek bakarrik, zeren bortxatzaileak eta hiltzaileak ere kalera ateratzea suposatuko baitu", ohartarazi du.

LAB

Sonia Gonzalez LABen Komunikazio idazkariak Espainiako Gobernuak Bilbon duen Azpiordezkaritzan egindako protesta batean azaldu duenez, 'Parot doktrina' "ez da gai juridikoa, erabat politikoa baizik".

Gonzalezek Espainiako Gobernuaren jarrera salatu du, izan ere, "normalkuntza politikorako prozesua desblokeatzeko presoen gaia zein garrantzitsua den jakinda, kontrako bidea jarraitzen ari da". "Oztopoak jartzen ari da Euskal Herriak behar duen eta euskal gziarteak aldarrikatzen duen prozesua zapuzteko", gaitzetsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sorturen albisteak