Politika -
Espetxe politika
Parot doktrinaren aurkako 'akordio zabala' nabarmendu du Herrirak
Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrina aztertu behar du asteazkenean, eta EH Bilduren ordezkaritza bat Estrasburgora joango da saioa bertatik bertara jarraitzeko.
Erredakzioa
Espainiak helegitea aurkeztu zuen Parot doktrinaren indargabetzearen aurka, eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak helegitea aztertzeko saioa egingo du bi egun barru. Nafarroan eta EAEn doktrina indargabetzeko "akordio sozial zabala" dagoela nabarmendu du Herrira presoen aldeko kolektiboak.
Fran Balda eta Nagore Garcia Herrirako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute akordioa azaltzeko. Besteak beste, 93 udalek indargabetzearen alde onartutako mozioak aipatu dituzte: 24 Bizkaian, 31 Gipuzkoan, 18 Araban eta 20 Nafarroan.
Herrira kolektiboko ordezkarien hitzetan, "Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia babestu du Euskal Herriko gehiengo sozialak, eta bere aplikazioak bake prozesuari lagunduko dio".
EH Bildu Estrasburgon
Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrina aztertu behar du asteazkenean, eta EH Bilduren ordezkaritza bat Estrasburgora joango da saioa bertatik bertara jarraitzeko. Ines del Rio ETAko kidearen auzian 197/2000 doktrinari buruz emandako epaia aztertuko du Auzitegiak.
Ordezkaritza Xabier Mikel Errekondo, Jon Iñarritu eta Rafa Larreina diputatuek, Bakartxo Ruiz eta Maiorga Ramirez Nafarroako parlamentariek eta Oskar Matute legebiltzarkideak osatuko dute.