Politika -

'De Boca en Boca' saioan

Eguiguren: 'Parot doktrina lardaskeria juridikoa da'

"Arnaldo Otegik espetxetik ateratzeko eskubidea" duela uste du PSEko presidenteak. "Bakeak Espainia ezustean harrapatu zuen", azaldu du buruzagi sozialistak.

Jesus Eguiguren PSEko presidentea. Argazkia: EiTB
Jesus Eguiguren PSEko presidentea. Argazkia: EiTB
Jesus Eguigurenen elkarrizketa, 'De Boca en Boca' saioan

5:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jesus Eguiguren PSEko presidenteak Parot doktrina gogor kirikatu du: "Lardaskeria juridikoa da".

ETB-2ko 'De Boca en Boca' saioan, Espainiako Gobernuak espetxe politika aldatu eta sakabanaketarekin amaitu behar duela esan du agintari sozialistak. "Espainiako legea birgizarteratzea lortzeko eginda dago, ez zigortzeko", adierazi du.

Gainera, orain arte ezker abertzaleko buruzagiek egindako "autokritika" aintzat hartu du PSEko presidenteak. Zentzu horretan, Errenteriako alkateak biktimei barkamena eskatu ziela gogorarazi du. "Bildukoak ez dira sekula egindakoaz harro agertu", esan du.

Otegi

Bestalde, Arnaldo Otegiren egoera berriro kritikatu du Eguigurenek. "Otegi kartzelan egotea eskandalu bat da", adierazi du.

"Arnaldo estrategikoki espetxean dago, herriaren garapenaren alde lan egin ez dezan", azaldu du Eguigurenek. Trantsizioan "Suarez Carrillo kartzela sartzen ez du inork imajinatzen", alderatu du.

"Benetan, Arnaldo Otegik espetxetik ateratzeko eskubidea du", gaineratu du. "Eskubideak ditu", errepikatu du.

2006ko su-etena

PSEko presidenteak 2006ko su-etena eta ondoren egin ziren negoziaketak aztertu ditu. Eguigurenen hitzetan, "ETAn negozazioaren aurka zeuden kideek boterea hartu zuten, eta Espainiako Gobernuan gauza bera gertatu zen", prozesuak horregatik porrot egin zuen.

Gaur egun "negoziatzeko askorik ez" dagoela uste du Eguigurenek, "kontu sinbolikoa da, ETAk amaitu dela esatea, alegia". "Gobernuak azkar jokatu beharko luke, hori ahalik eta lasterren gertatzeko, gauza hauekin jolastea ez da komeni", erantsi du.

Bake prozesuak bizi duen blokeoa hizpide izan du Eguigurenek. "Arrazoizko herrialde batean, guztiek pausoak eman behar dituzte", esan du buruzagi sozialistak. Baina "iraganeko hizkuntzarekin jarraitzea" nahi duen jendea dagoela gaineratu du.

PSEko agintariaren ahotan, "bakeak Espainia ezustean harrapatu zuen". "Demokrazia finkatu zenetik gertakari garrantzitsuena ez du oraindik onartu Espainiak", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Otegi albisteak Albisteak doktrina parot