Politika -

Batzarra

Barcinak batasuna eskatu du; Adanerok ordea UPN 'hautsita' dagoela dio

UPNko batzorde exekutiboko kide izatea eskaini diete astelehen honetan Alberto Catalani eta Carlos Garcia Adanerori. Bietako batek ere ez du erantzunik eman oraindik.

Yolanda Barcina eta Alberto Catalan. EFE
Yolanda Barcina eta Alberto Catalan. EFE
UPN, gero eta zatituago

0:51

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Barcina UPNko presidenteak "batasunerako" deia egin du, alderdian atzo presidente kargurako berrautatu ostean eta Alberto Catalan hautagai galtzaileak alderdian "ekarpena egiteko" asmoa azaldu du, "barne egoera konpondu behar delako". Ideia bera azpimarratu du Carlos Garcia Adaneko UPNko parlamentariak; izan ere, alderdia "bitan zatitua" dagoela esan du eta "konpondu" egin behar dela adierazi du.

Yolanda Barcinak bozen % 51,78 eskuratu zituen, Alberto Catalan aurkariak ordea, % 47,27. Hala ere, horrek ez diola UPNri kalte egin behar uste du, "ez zegoelako ezberdintasun ideologikorik".

Ser irrati katean egindako elkarrizketa batean esan ditu hitzok Barcinak eta Catalanen lehen hitzak ere baloratu ditu; izan ere, "zuzendaritzarekin elkarlanean aritzeko prest" azaldu zen atzo.

Ildo horretan, presidenteak gonbita egin dio berriro, eta UPNko zuzendaritzatik at geratu den arren, "gure alderdiaren onurarako, elkarlanean aritzeko eskatu nahi diot", esan

Bi hautagaiek eskuratu dituzten bozen arteko alde txikiaren inguruan, "alderdia ongi kudeatu" ahal izango duela gaineratu du, kideen % 47ren babesa izan ez duen arren. "Aldea alderdiaren egitura tradizionalean zegoen, ez ideologian", zehaztu du.

Dieten polemikaz ere mintzatu da eta krisi hori ezin dela "amaitutzat jo" esan du "oso auzi zaila delako".

Edozein kasutan, datu horiek ezagutu baino lehen izandako jarrera ekarri du gogora. "2011n jada, Nafarroako Kutxako organo horiek baliogabetu nituen. Orain, egun ulertezinak diren iraganeko gauzak aldatzeko lanean jarraitu behar dugu", esan du.

"Nafarroako Gobernuko presidente kargua hartu nuenean ikusi nuen agian beste besteek bultzatuta jokatu genuela, beste tokietan egiten zelako eta dena normala zela esaten zigutelako. Akatsa onartzen dut eta horregatik baliogabetu genuen organoa, orain pentsaezina delako", esan du.

"Barkamena eskatu dut, dirua itzuli dut legezkoa zela jakinda ere; beste batzuek ordea, ez itzultzea erabaki dute", azpimarratu du.

Batzorde exekutiboko kide izatea eskaini diete

UPNko batzorde exekutiboko kide izatea eskaini die alderdiak astelehen honetan Alberto Catalan presidenteorde ohiari eta Carlos Garcia Adanero idazkari nagusi ohiari, batzorde exekutibo hori eratzeko astelehen honetan alderdiak egin duen lehen bileraren ondoren.

Oscar Arizcuren alderdiko idazkari nagusiak azaldu duenez, parte hartu bai baina botoa emateko eskubiderik ez lukete izango Catalanek eta Garcia Adanerok. Arizcurenek kazetariei baieztatu dienez, bietako batek ere ez du oraindik erantzunik eman. ''Biak daude ingurukoekin  hitz egin eta erabaki bat hartzeko zain'', idazkari nagusiak gaineratu duenez.

UPN bitan zatituta dago

Carlos Garcia Adanero Parlamentuko UPNko bozeramaile eta alderdiko idazkari orokor ohiak onartu du alderdia "bitan zatitua" dagoela, eta ondorioz, "birmoldatu, josi eta aurrera egin behar dugu". Halaber, PSNrekin adostasunera iristea baino ez zaiela gelditzen azpimarratu du.

"Emaitza bi hautagaien artean antzekoa izango zela espero genuen, baina % 51 antzekoa baino gehiago da; alderdia bitan zatituta dago eta orain birmoldatu egin beharko dugu", esan du. "Ardura asko ditugu, UPNk gobernatzen baitu Nafarroan eta Udal askotan", adierazi du.

Barne egoera konpondu

Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidenteak ideia bera azpimarratu du eta alderdia "bitan zatituta" dagoela uste du. Horregatik, "barne egoera konpondu behar da, herritarrek ez dutelako UPNren barne batzarraren inguruko ondoriorik jaso behar".

Catalanek bozen % 47 eskuratu zituen atzoko batzarrean eta Barcinak zuzendaritza berrian parte hartzeko egin dion gonbitaren inguruan, hitz egiteke dutela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea