Politika -
IX. Kongresua
Yolanda Barcina UPNren presidente hautatu dute berriro
Nafarroako Gobernuko presidenteak botoen % 51,58 lortu du; Alberto Catalanek, berriz, botoen % 47,27. Juan Antonio Sola presidenteorde izendatu dute.
Erredakzioa
Yolanda Barcina UPN alderdiaren presidente izendatu dute berriro igande honetan Iruñeko Baluarten izandako UPNren IX. Kongresuan. Nafarroako Gobernuko presidenteak botoen % 51,58 lortu du; Alberto Catalan UPNko presidenteorde eta Nafarroako Parlamentuko presidentearen hautagaitzak, berriz, botoen % 47,27 eskuratu du.
Halaber, Juan Antonio Sola UPNren presidenteorde hautatu dute (botoen % 51,31). Oscar Arizcuren alderdiaren idazkari nagusia izango da, botoen % 50,65 lortu ostean.
Emaitzak ezagutzera eman dituztenean, Barcinaren aldeko oihuak ("presidentea, presidentea") eta baita kontrakoak ere ("kanpora, kanpora") izan dira entzungai.
UPNk, azken 17 urteetan erkidegoa gobernatu duen alderdiak, zuzendaritza berria hautatu du IX. Batzarrean, "Arreta Nafarroan jarriz" lelopean.
Aurtengo Batzarra zatituta egon da, Barcinaren eta Catalanen aldekoen artean, eta Nafarroako Kutxako dieten polemikarekin nahastuta; izan ere, bi politikariak, beste hainbatekin batera, egon dira tartean.
Terrorismoaren biktimak oroitu dituzte Batzarraren hasieran, batik bat, Tomas Caballero eta Jose Javier Mugica ETAk hildako alderdikideak.
Ondoren, orain arte alderdiko idazkari orokor izan den Carlos Garcia Adanerok 2012ko kontuen eta jardueren balantzea helarazi du.
PNSrekin akordioa
Yolanda Barcinak "alderdiak azken asteetan bizi izan duen aztoramen latza atzean uztearen" alde egin du, eta esperientzia honetatik "biziago" atera dela esan du.
Batzarraren azken diskurtsoan, "guztiok gara UPN" nabarmendu du eta alderdiaren zuzendaritzan Alberto Catalanekin elkarlanean egon nahi duela esan du.
Bestalde, "PSNrekin akordioak lortzeko lana areagotu" behar dela esan du, "denen interesean oinarritutako akordioak". UPN "Espainiako Konstituzioan eta Foru Hobekuntzaren Legean sinesten dugun alderdien babes politikoa negoziatzeko indartsuago" atera dela esan du Barcinak.
"Negoziaziorako ateak zabalik ditugu eta PSNri deia egiten diot krisi ekonomiko garai honetan inoiz baino gehiago erkidegoan behar dugun egonkortasuna lortzeko", azpimarratu du.
'Zatiketarik gabe'
Kongresuaren ostean UPN "sendo eta zatiketarik gabe" egoteko itxaropena azaldu du Miguel Sanz UPNren presidente ohiak. Kazetariei egindako adierazpenetan Sanzek esan duenez, "ez dut uste alderdian zatiketarik egongo denik, ez dagoelako desadostasun ideologikorik".
Yolanda Barcinak azken egunetan esan zuenez, bi hautagaitza aurkeztu izanak Nafarroako Gobernua "ahultzen" du, baina ukatu egin zuen irabazle atera ezean hauteskundeak deitzea.
Bestalde, Alberto Catalanek adierazi zuen hori "arduragabekeria" izango litzatekeela: "Ez dut zalantzarik: hori ez da hori gertatuko inolaz ere".
Bi hautagaiek bide luzea izan dute hautagaitza bakarra aurkezteko akordioa hautsi zenetik; izan ere, Yolanda Barcina presidente eta Catalan presidenteorde izateko hautagaitza bateratua aurkezteko proposatu zitzaien hasiera batean.
Azkenean, bi hautagaiek euren bidea bakarrik egitea erabaki zuten eta bakoitzak bere taldea aurkeztu du.