Politika -

Dieten ika-mika

Nafarroako Kutxan kobratutako dietengatik barkamena eskatu du Barcinak

"Ezin dut iragana aldatu, bai ordea etorkizuna" izenburupean Barcinak idatzitako gutuna esan duenez, dietak kobratzea "ohikoa izan zen hamarkadaz".

Yolanda Barcina Nafarroako presidentea. Argazkia: EITB
Yolanda Barcina Nafarroako presidentea. Argazkia: EITB
Yolanda Barcinak barkamena eskatu du jasotako dietak direla eta

1:10

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Kutxan kobratutako dietengatik barkamena eskatu du Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak. Kontuz elkarteak salatu duenez, egun berean birritan edo hirutan kobratu omen zituzten dietak CANeko arduradunek. Barcinak aitortu duenez, horrek "gizartean ondoez logikoa eragin du".

"Ezin dut iragana aldatu, bai ordea etorkizuna" izenburupean Barcinak idatzitako gutuna argitaratu du 'Diario de Navarra' kazetak. Bertan Nafarroako presidenteak esan duenez, dietak kobratzea "ohikoa izan zen hamarkadaz". Barcinak azaldu duenez, "Nafarroako Aurrentu Orokorretatik zetozen soldata enpresa publikoen soldatekin osatzea ohikoa zen".

Dieta horiek erantzukizunaren eta arduraldiaren arabera ordaindu ohi ziren, baina, denboraren poderioz, "osagarri finko" bezala ordaintzen hasi ziren. Barcinak aitortu duenez, CANeko dietena "huts egite bat izan zen, eta gaur egun, gainera, ulertezina da". "Aitortu beharreko huts egitea izan da eta, horregatik, barkamena eskatu nahi dut", azpimarratu du.

Aurrerantzean hartuko dituen neurriak aipatu ditu Barcinak gutun horretan, tartean, dieta horiek bertan behera uztea. Hala ere, "bizitza politikoa berriztatzeko urrats gehiago ematea eskatzen du gizarteak oraindik ere, eta politikariak hori egiteko prest egon behar dira".

Geroa Baik hauteskundeak aurreratzea eskatu du

Uxue Barkos Geroa Bairen bozeramailearen iritziz, Nafarroako Kutxan gertaturikoak "agortutako eta sinesgarritasunik gabeko Gobernua dagoela" utzi du agerian. Hori dela eta, irtenbide bakarra hauteskundeak aurreratzea dela esan du.

Iruñean, alderdiaren batzarra egin aurretik, egun bakarrean Nafarroako Kutxan dieta bikoitzak eta hirukoitzak jasotzea "eskandalu politiko, ekonomiko, sozial, eta batez ere, etikoa" dela esan du Barkosek.

"Moralik gabeko UPNren eta PSNren arteko joko horrek Parlamentuko gehiengoa inplikatzen" duela ziurtatu du Barkosek, horregatik, hauteskundeak aurreratzea beharrezkoa dela esan du. "Nafarroako Kutxaren dieta bikoitzen eta hirukoitzen auzi deitoragarri honetan nahasita dagoen UPN eta PSNren Gobernuarekin ezin dugu egun bakar bat gehiago ere pasatu", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea