Politika -
Auzitegi Nazionala
Amnistia fiskalaz baliatu zela aitortu du Barcenasen kontuen ahaldunak
Epaileari esan dio, atzerrira eramandako diruaren zati bat erregularizatu duela eta, beste zatia apirilaren 30ean erregularizatzea aurreikusi du.
Erredakzioa
Ivan Yañez Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren Suitzako kontuen ahaldunak Gurtel auziko instrukzio-epaileari Auzitegi Nazionalean esan dionez, bera ere amnistia fiskalaz baliatu da dirua erregularizatzeko. Diruaren zati bat erregularizatu du dagoeneko eta beste zatia apirilaren 30ean erregulatzea aurreikusi du.
Gaur inputatu gisa deklaratu du Auzitegi Nazionalean Gürtel auziko epailearen aurrean. Lau orduz egon da deklaratzen, eta epaileari esan dioenez, aspaldidanik ezagutzen du Luis Barcenas, eta PPko diruzain ohiak berak eskura eman omen zion Suitzako kontuak kudeatzeko ahalmena ematen zion eskuizkribua. Iturri judizialen arabera, uneren batean Luis Barcenasek 38 milioi euro izan zituen Suitzako bere kontuetan.
Bestalde, esan duenez ez zekien atzerriko kontu horiek salatzeko betebeharra zuenik.
Barcenasen Suitzako kontuetatik AEBetako beste kontu batzuetara egindako transferentzien gaineko azalpenak eman behar izan ditu. Azaldu duenez, Luis Barcenasek agindu zion 5 milioi euroko transferentzia egiteko. Horren esanetan, 3,5 milioi euro inbertsoreei itzultzeko zen, eta gainerakoa Angel Sanchis PPko diruzain ohiak eskatutako mailegu bat ordaintzeko.