Politika -
CAN
Barcinaren ustez, dieta 'altuak' ez dira egokiak 'gaur egun'
Nafarroako presidenteak "herritarren harridura" ulertzen du, baina "duela bost urte inor ez zen harritzen".
Erredakzioa
Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak "ulertzen" du politikari nafar batzuek Nafarroako Kutxan jaso zituzten dieta "altuengatik" herritarrak "harrituta" agertzea; izan ere, "gaur egun ez dira egokiak".
RNEn egindako elkarrizketa batean aitortu duenez, CANen Batzorde Sortzaileetako kideek 5.000 eurotik gorako dietak jaso zitzaketen dietatan, egun bakar batean.
Barcinak "ederto" ulertzen du "herritarrak harrituta egotea", krisi ekonomikoak eragindako egoera "oso zail" honetan bereziki; izan ere, "duela bost urte agian kopuru horiek ez zuten inor harrituko" langabezia gutxiago eta soldata altuagoak zeudelako, Nafarroako presidentearen esanetan.
Hala ere, Barcinak argi adierazi nahi izan du dietak ez zirela "bileretara agertzeagatik bakarrik kobratzen, arduragatik baizik", eta, azpimarratu duenez, dietak "altuak" baziren ere, CANeko beste goi-kargudun batzuenak bezalakoak ziren dietok.
Dieta horien jatorria azaltzeko, Barcinak historiara jo du: "Normalean Nafarroako Gobernuko presidente eta kontseilari guztiek kobratu dute zerbait CANetik. Soldatak osatzeko modu bat zen, eta publikoa zen".
Horren harira, Barcinak salatu du "oraindik" ez dela "politikarien soldaten arazoa konpondu" eta "soldatak osatzeko beste bide batzuk" bilatu izan direla.