Politika -
Barcenas auzia
Barcenasek langabezia-saria jasotzea eskatu du
PPren diruzain ohiak salaketa jarri du PPren aurka, bidegabe kaleratzea egotzita. Suitzan 38 milioi euro izan zituela deklaratu du Auzitegi Nazionalean.
Erredakzioa
Luis Barcenas PPren diruzain ohiak izapideak hasi ditu Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoan (INEM ohia), langabezia-saria jasotzeko, hainbat hedabidek jakinarazi dutenez.
1.000 eta 1.300 euro artean jasoko lituzke hilero.
Astelehenean, Barcenasek salaketa bat aurkeztu zuen PPren aurka, bidegabe kaleratzea egotzita. Egun horretan, Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen, Gurtel auzian inputatu gisa, eta Suitzan 38 milioi euro izan zituela esan zion instrukzio-epaileari.
PPren aurkako salaketan, Barcenasek alderdiak orain arte emandako bertsio ofiziala ezeztatu du. Izan ere, 2010. urteko martxoa eta 2013.eko urtarrila artean PPko aholkularia izan dela eta lan horregatik hilero 21.300 euro jasotzen zituela azaldu du.
Alderdi Popularrak, aldiz, berretsi egin du Barcenasek ez zuela inongo jarduerarik alderdian 2010eko apiriletik, eta diruzain ohiak salaketa jarri baldin badu, ''auzitegietan'' elkar ikusiko dutela gaineratu du.
Alfonso Alonso PPk Kongresuan duen bozeramaleak, berriz, ez du salaketaren inguruko adierazpenik egin nahi izan: ''Zentzugabekeri bat da hau dena, ez daukat ezer baloratzeko'', esan du.
Cospedalen azalpenak
2010eko apirilean PPk Barcenasekin ''lan harreman guztiak eten'' zituela berretsi zuen atzo bertan Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak.
Cospedalek azaldu zuenez, garai hartan ''zuzenekoa ez zen kalte-ordaina'' adostu zuten, eta kalte-ordain hori dagoeneko ordaindu dute, PPko idazkari nagusiaren hitzetan, garai hartan PPko zerbitzu juridikoek ontzat eman zuten irtenbidea izan zen zen, baina egun, beharbada, ''beste era batera'' ikusiko zutela aitortu du.
Pasaportea
Luis Barcenasek pasaportea utzi du astearte honetan Auzitegi Nazionalean, atzo bertan Ruz epaileak ezarritako kautelazko neurriak betetzeko. Espainiatik irteteko debekua ezarri zion atzo epaileak Luis Barcenasi, ihes egiteko arriskua dela eta.