Politika -
Galdeketa
PSCk galdeketa babesteak aregotu egin du PSOErekiko krisia
Kongresuak Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen kontra egin du. PSCko 13 diputatuk aldeko botoa eman dute, baina Carme Chacon abstenitu egin da. PSOEk zigorrak iragarri ditu.
Erredakzioa
Diputatuen Kongresuak baztertu egin ditu astearte honetan Izquierda Pluralek (IU-ICV-CHA) eta CiUk erabakitzeko eskubidearen alde eta herri galdeketa egin ahal izateko elkarrizketa abiatzearen alde aurkeztutako proposamenak.
Zehazki, PPk, PSOEk, UPyDk eta Forok ezezko botoa eman diote Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen alde CiUk aurkeztu duen ebazpenari. Hala ere, ekimenak PSCko 14 diputatuetatik 13ren baiezkoa jaso du, Carme Chaconek ez baitu botorik eman.
CiUk eta Izquierda Pluralek, ICVk eskatuta, aurkeztutako proposamenak Kataluniako alderdiekin negoziatzeko deia egiten zion Espainiako Gobernuari, kataluniarrek erreferendumean erabaki dezaten euren etorkizun politikoa.
CiUren testuak aldeko 60 boto jaso ditu eta kontrako 275 (PP, PSOE, UPyD eta Foro). Izquierda Pluralen proposamenak, berriz, aldeko 59 boto jaso ditu; kontrako 272; eta bi abstentzio.
Zatiketa sozialisten artean
Aurretik iragarri izan du PSCk ebazpena babesteko asmoa zuela, nahiz eta Talde Parlamentario Sozialista osatzen duten gainerako diputatuek kontra bozkatzeko asmoa izan.
Honek guztiak zatiketa eragin du Talde Sozialistaren baitan, eta Kataluniako kontsultaren inguruan PSOEren agindua bete ez eta CiUren proposamenaren alde bozkatu duten PSCko diputatuei zigorra jarriko diela ere iragarri du PSOEk.
PSOEk zuzendaritzatik kanpo utzi dezake PSC
PSCren diziplinarik eza dela eta erabakitze eskubidearen kontura, PSOE eta PSC harremanen protokoloa sakon berrikusteko geratu ditu, ondorioz, horrek Kataluniako sozialistak PSOEko zuzendaritzatik kanpo geratzea eragin dezake.
Sozialistek azaldu dutenez, hori izan daiteke ondorioetako bat azken egunotako desakordioen ostean, Pere Navarro PSCko lehen idazkariak erregeak abdikatzea eskatu ostean, eta bere hamalau diputatuei Kongresuan CiUren eta ICVren Kataluniako herritartasun kontsulari buruzko proposamen alde bozkatzea eskatuta.
Carme Chaconen erabakia
Carme Chacon Defentsa ministro ohiak, hala ere, PSCren aginduak beteko ez zituela eta ebazpenaren alde bozkatuko ez zuela ere aurreratu zuen, ''koherentziagatik eta herritarrekiko konpromisoagatik''. Azkenean, ez zuen botorik eman Chaconek.
Bozketa hasi aurretik PSCren esku jarri du Kongresuan duen jesarlekua ministro ohiak, baina, gertuko iturriek baieztatu dutenez, Pere Navarrok ez dio Kongresuko aulkia eskatuko.
Hala ere, Chaconi hausnarketa sakona egiteko deia egin dio Navarrok.
Mas presidentearen balorazioa
PSCko 13 diputatuk proposamenari emandako babesa ''inflexio puntu garrantzitsua'' da Artur Mas Kataluniako presidentearen hitzetan.
102 proposamen bozkatuta, 16k bakarrik egin dute aurrera
Estatuaren egoeraren inguruko eztabaida bukatutzat emateko, Diputatuen Kongresuak 102 proposamen eztabaidatu eta bozkatu ditu gaur, baina horietatik 16k bakarrik egin dute aurrera: PPren 14 proposamen, ustelkeriaren kontra adostutako ituna eta EAJren testu bat. Azken horretan, tokiko administrazioaren erreforman Euskadik ''foru mailan duen berezitasuna errespetatzea'' eskatu dute jeltzaleek.