Politika -

Dirua eta opariak

Sepulvedak Gürteletik 500.000 eurotik gora jaso zituela uste du Ruzek

Ana Mato Osasun ministroaren senar ohiak lanen eta beste zerbitzu batzuen truke dirutan eta oparitan komisioak jaso zituela uste du epaileak.

Jesus Sepulveda. EFE
Jesus Sepulveda.
Pablo Ruz epaileak Sepulvedak 500.000 euro kobratu zituela esan du

1:06

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Ruz Auzitegi Nazionalean Gürtel auzia daraman epaileak uste du Jesus Sepulvedak (senatari ohia, Pozueloko alkate ohia eta Ana Mato Osasun ministroaren senar ohia), Francisco Correaren trikimailuetatik dirutan eta oparietan 500.000 eurotik gora jaso zituela.

Halaber, martxoaren 7an El Zurdo S.L. eta Interglobo enpresetako arduradunak deitu ditu deklaratzera. "Familiarteko ekitaldiak" antolatu zituzten, horien artean, Sepulveda-Mato bikotearen alabaren urtebetetzea, Poliziaren txosten baten arabera.

Francisco Correaren ustezko diru eta opariak 1998. urteaz geroztik eman ziren (nahiz eta gehienak 2002 eta 2004 artean egin ziren). Ruzen ustez, Sepulvedak lan eta proiektu publikoak eman zituen diru eta oparien truke.

Oparien artean, ibilgailuak, bidaiak, familiarteko ekitaldiak, Pozueloko hauteskundeetarako gastuak eta ekitaldi turistikoak aipatu behar dira.

Ildo horretan, Sepulveda-Mato familiak Correaren azpijokoetako elkarte turistiko batetik dirua jaso zuela dioen Poliziaren txostenari sinesgarritasuna eman dio epaileak.

Epailearen iritziz, ordainketa horiek guztiak "Pozueloko Udalak eginiko esleipen irregularrekin" lotuta daude.

Hori guztia fondo publikoak bidegabe erabiltzea, funtzionario-eroskeria, prebarikazioa eta Ogasun Publikoaren aurkako delitua dela uste du epaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea