Politika -
Gizarte Ekintza
Donostiako Onkologikoa pribatizatzeko asmoa dutela salatu du EH Bilduk
Koalizio abertzaleko arduradunek zentroaren etorkizunari buruzko ‘argibide garbiak’ emateko eskatu die Kutxabankeko arduradunei eta EAJri.
Erredakzioa
Agintariek Donostiako Onkologikoa pribatizatzeko asmoa dutela salatu du EH Bilduk. Halaber, zentroaren etorkizunari buruzko "argibide garbiak" emateko eskatu die Kutxabankeko arduradunei eta EAJri.
Ainhoa Beola, Iban Asenjo, Joseba Permach eta Xabi Soto EH Bilduko kideek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean, Donostian, Kutxabank eta EAJ, PP eta PSE-EE alderdien babesarekin, kutxen gizarte ekintzarekin amaitzeko pauso atzeraezinak ematen ari direla salatzeko. Koalizioaren iritziz, Kutxako Gizarte Ekintzak bere izaerari eutsi behar dio, eta "gizartearen zerbitzura egon behar du".
"Donostiako Onkologikoa Kutxaren Gizarte Ekintzaren ikur nagusietako bat izan da orain arte", eta, horien arabera, agintariak ospitalea pribatizatzeko lehen pausoak ematen ari dira. "Osasun turismoa bultzatzeko urratsak ematen ari dira, ekimen pribatu bat tarteko, atzerriko kudeatzaile bat jartzeko asmoa dute Amerikako onkologiko batekin hitzarmena lortuta, eta ez dute inbertsiorik egin azken lau urteetan", esan dute.
Halaber, Donostiako Onkologikoak Gizarte Segurantzako erregimen orokorreko pazienteen atentzioa bere gain hartzeko Osakidetzarekin sinatu zuen akordioa aurten amaitzen dela eta, arduratuta agertu dira EH Bilduko kideak; izan ere, Kutxak ez du adierazi hitzarmena luzatzeko asmorik duen.