Politika -
Eusko Legebiltzarra
Bake eta bizikidetza lantaldearen sorrera onartu du Legebiltzarrak
EAJk eta PSE-EEk aldeko botoa eman dute, eta EH Bildu koalizioa abstenitu egin da. PPk eta UPyDk organo horren aurka bozkatu dute.
Erredakzioa
Bake eta bizikidetza lantaldea sortzea erabaki du gaur Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoei eta EH Bilduren abstentzioari esker.
EH Bilduri "autokritika" ez egitea egotzi diote Legebiltzarreko talde guztiek. Hala ere, gai horren inguruan dagoen zatiketa argi ikusi da gaurko eztabaidan, PPk eta UPyDk aurkako botoa eman baitute.
Aurreko legealdian gertatu zen moduan, polemika piztu da lantaldea martxan jartzeko lanaren inguruan. Legebiltzar berrian organoa "berpiztea" eskatu zuen PSE-EEk, baina bozketa zenbait aste atzeratzea erabaki zuen, alderdiekin adostasuna bilatzeko.
Aurreko legealdian egindako lana aintzat ez hartzea eta "zerotik" hastea nahi du EH Bilduk.
Eztabaida
Aurreko legealdian lantalde horrek egindako lana gogora ekarri du Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak. EH Bildu "apaltasunez" lanean hasi beharko litzatekeela uste du Pastorrek, "Euskadiko historia ez dela eurekin hasi onartuz".
Iñigo Iturrate jeltzalearen aburuz, aurreko lantaldean adostutakoak "denontzat balio du", "oinarrizko printzipioak" baitira. Giza eskubideak eta oinarri etikoak "ezin dira gehiengo baten menpe egon", gaineratu du. "Oinarrizko printzipio horiek onartzeko, zer oztopo egon daiteke?", galdetu du.
Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, "lotsagarria" da bakearen aldeko aldarrikapena "eraso batekin hastea", eta gainerako taldeei "alboratzeko jokoa" egitea egotzi die. "Horren helburua gizarteari azaldu beharko diozue", gaineratu du.
Carmelo Barrio PPko ordezkariak lantaldearen aurkako jarrera azaldu du. Horren hitzetan, baldintza eta helburu minimoak ezarri behar dira, eta gutxieneko horiek ez eskatzea leporatu die EAJri eta PSE-EEri. "EH Bilduk ez ditu oraindik terrorismoa eta ETAren atentatuak gaitzetsi", nabarmendu du.
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidearen ustez, lantaldea "bakea" lortzeko sortu dela esatea gizarteari "iruzur" egitea da. "Gerrarik ez dago, eta elkarbizitza indarrean ditugun Konstituzioa eta Zuzenbide Estatua errespetatzea da".