Politika -

Kartzela-politika

Legebiltzarrak presoen sakabanaketari buruzko bozketa errepikatuko du

Laster egingo da bozketa, baina Bakartxo Tejeriak ez du zehaztu noiz izango den. Ekimena aurrera atera zen aurreko astean, PSE-EEko legebiltzarkide batek eginiko akatsaren ondorioz.

Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra.
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak presoen sakabanaketa bertan behera gelditzeko eskatu zuen aurreko astean. Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak jakinarazi duenez, ordea, datozen asteetan berri egingo dute bozketa.

Legebiltzarreko iturriek jakinarazi dutenez, Bozeramaileen Batzordeak erabakiko du noiz egingo den bozketa, aurrez ekimena berriz bozkatzea erabaki du gaur Lehendakaritzak.

Iragan ostegunean, Eusko Jaurlaritzak presoen sakabanaketa bertan behera uzteko eskatu zuen, EAJren ekimen bat onartuta.

Lehenengo bozketan, berdinketa egon zen: EAJko 27 legebiltzarkideek ekimenaren alde bozkatu zuten; PSE-EE, PP eta UPyD alderdietako ordezkariek kontra; eta EH Bildukoak abstenitu egin ziren.

Bigarren bozketan, Blanca Roncal sozialistak ez zuen botoa eman, haren hitzetan, "ezinezkoa" izan zitzaiolako. Sozialistak esan zuenez, "eman diot ezezko botoiari, baina akatsen bat izan da".

Roncalek bozketa errepikatzeko eskatu zuen, baina, Bakartxo Tejeriaren arabera, botazioa baliogabetzeko egindako eskaera baztertzea erabaki zuten, "sistema elektronikoan ez zelako hutsik egon". Gainera, Roncalek zeozer esatekotan, botazioa egiten ari zirenean esan behar zuela azaldu zuten, emaitzak pantaila elektronikoan agertu baino lehen, eta ez ondoren, berak egin bezala.

Akatsa Blanca Roncalena izan zela egiaztatu bazuten ere, Bakartxo Tejeriak bozketa errepikatzea erabaki du, bere inpartzialtasuna ezbaian jartzerik nahi ez duelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea