Politika -
Bilera, bihar
Euskal Finantzen Kontseiluak ez ditu diru-sarrera aurreikuspenak igoko
Arabako eta Gipuzkoako aldundiak gustura agertu dira Eusko Jaurlaritzaren erabakiarekin, Bizkaiko Aldundiaren proposamena aintzat ez hartzearekin alegia.
Erredakzioa
Arabako eta Gipuzkoako aldundiak gustura agertu dira biharko Eusko Jaurlaritzak Euskal Finantzen Kontseiluan, Bizkaiko Aldundiaren proposamenaren kontra, 2013ko diru-sarrera aurreikuspenak igotzeko proposamena ez aurkezteko hartutako erabakiarekin.
Arabako eta Gipuzkoako aldundiak ekimenaren kontra agertu ziren, eta Jaurlaritzak eta Bizkaiak Euskal Finantzen Kontseiluan proposamena onartzeko nahikoa babes zuten, aldundiek boto bana eta Jaurlaritzak hiru boto dituztelako erakunde horretan. Baina azkenean, Jaurlaritzak ez du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren proposamena aintzat hartu.
Araba
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak prentsaurreko batean azaldu duenez, Euskal Finantzen Kontseiluko tentsioa arinduko du Jaurlaritzaren erabakiak, eta "erraztu egingo du adostasunera iristeko bidea". Izan ere, Arabako ahaldun nagusiak uste du Bizkaiko Aldundiaren proposamena babestuz gero, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek osoko zuzenketa jasoko zutela.
"Oso egokia iruditzen zait tentsioa arintzea, eta erakunde guztiei kalte egingo ez dien eta errealitate ekonomikoarekin bat egiten duten, beste formula batzuk bilatzea Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak osatzeko", gaineratu du De Andresek.
Gipuzkoa
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiaren bozeramailea ere gustura agertu da Jaurlaritzak 2013ko diru-sarreren aurreikuspenak igotzeko proposamena baztertu duelako.
Ugarteren esanetan, ez zen egokia diru-sarrerak "artifizialki puztea", eta gogor kritikatu du biharko bileraren gai-zerrenda 48 orduko epemuga baino beranduago helarazi dietelako.
Bizkaia
Bizkaiko Aldundiaren aldetik, Unai Rementeria bozeramaileak hitz egin du eta proposamena "leialtasun instituzionalagatik" egin zutela azpimarratu du, zerga berri batzuekin "diru-sarrera berriak" egongo zirelako.
Hala ere, Rementeriak "errespetu osoa" agertu dio Jaurlaritzaren erabakiari, eta urriko Euskal Finantzen Kontseiluan ekimena berriro aztertzeko aukera egongo dela gogorarazi du.