Politika -
Elkarrizketa
Lopezek dio ez direla 1.200 milioi aurreztuko barnetegiak kenduta
Hori horrela, eta Iñigo Urkullu lehendakariarekin arratsaldean izango duen bileraren harira, PSE-EEren idazkari nagusiak aurrekontuak "sakonean ezagutzea" eskatu du.
Erredakzioa
Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritzaren murrizketak aztertu nahi ditu, izan ere, "1.200 milioi euro ez dira aurrezten ingeles barnetegiak kenduta". Hori horrela, aurrekontuak "sakonean ezagutzea" eskatu du.
Patxi Lopezek Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "ulermenerako borondatearekin" joango da arratsaldean Iñigo Urkullu lehendakariarekin izango duen bilerara, horrela "euskal ekonomiari, enpleguari eta zerbitzu publikoei lagunduko dieten aurrekontuak adosteko".
Era berean, "erakundeen egituraz eta bakeaz hitz egiteko prest" joango omen da Lehendakaritzako batzarrera.
Hala eta guztiz ere, Patxi Lopezek salatu duenez, "aurrekontuetan egin asmo duten 1.200 milioi euroko murrizketa saihestu egin zitekeen" erreforma fiskala egina egongo balitz, "baliabide gehiago" izango zituztelako.
Horren harira, Eusko Jaurlaritzaren sail bakoitzak egiten dituen "murrizketak aztertu" behar dituela azpimarratu du, "1.200 milioi euro ez baitira aurrezten ingeles barnetegiak kenduta", Josu Erkoreka bozeramaileak Hezkuntzan izango diren murrizketen inguruan jarri zuen adibideari erreferentzia eginez.