Politika -

Jaurlaritza-UPyD bilera

Urkulluk eta Maneirok ez dute aurrera jo bakegintza eta Aurrekontuetan

Lehendakaria UPyDko legebiltzarkidearekin bildu da astearte honetan. Maneirok ''oso zaila'' ikusten du Aurrekontuak babestea, baina aintzat hartu du Urkulluk elkarrizketarako erakutsitako asmoa.

Urkulluk UPyDrekin hasi du alderdien bilera-sorta

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Gorka Maneiro legebiltzarkideak astearte honetan egin duten bilera ''adeitsua'' izan da, UPyD alderdiko ordezkariaren hitzetan, baina, bakegintza, autogobernu zein Aurrekontu gaietan, bi alderdien arteko desadostasunak ez dira apaldu hitzorduan.

UPyDk Eusko Legebiltzarreko Bakegintza eta Elkarbizitza Lantaldean parte hartzeko asmorik ez duela helarazi dio Maneirok Urkulluri, eta ''estatus politiko berrirako proposamena eta bere plan soberanista ahaztea'' eskatu dio, ''elkarbizitzarako eta krisia gainditzeko arriskuak direlako''.

2013ko Aurrekontuen harira, Maneirok esan du ''oso zaila'' ikusten duela kontuak babestea, eta murrizketa sozialik ez egitea eskatu dio lehendakariari.

Ordu bat eta laurdeneko bileraren ondoren kazetariei egindako adierazpenetan, lehendakariak elkarrizketarako erakutsitako asmoa aintzat hartu du Maneirok. Halaber, ''Urkullu UPyD alderdiko kide egitea'' lortu ez duela esan du, ironiaz.

Elkarrizketa sorta

Lehendakariak Gorka Maneirorekin ekin dio Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin hurrengo egunetan egingo duen elkarrizketa errondari.

Bilerok Euskadiren egoera politiko eta ekonomikoa aztertzea dute helburu, eta, hurrengoa, ostiralean egingo du, otsailak 8, Antonio Basagoiti Euskadiko Alderdi Popularraren presidentearekin. Datorren astean, PSE-EErekin, EH Bildurekin eta EAJrekin bilduko da Urkullu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea