Politika -
Estatutua
Segurtasun Indarrak kanporatzea Estatutuarekin lotzen du Jaurlaritzak
"Estatutuaren aurreikuspenak aldatzen zituen salbuespen faktikoa amaitu da", adierazi du Erkorekak, ETAk armak utzi zituela eta, Urquijori erantzute aldera.
Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azpimarratu duenez, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila EAEtik ateratzeko eskariak Gernikako Estatutua errespetatzen du.
Erkorekak Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariari erantzun dio Eusko Jaurlaritzaren bileraren ostean emandako prentsaurreko batean. Urquijok "arduragabekeria"tzat jo du Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak Estatuko Segurtasun Indarrak EAEtik ateratzeko egindako eskaria.
"Arduragabekeria legearen agindua kontuan ez izatea izango litzateke, eta kasu honetan, Estatutuak argi adierazten du zein den polizia bakoitzaren zeregina", erantzun dio Erkorekak Urquijori.
Horren harira, ETAk armak utzi ondoren "Estatutuaren aurreikuspenak aldatzen zituen salbuespen faktikoa amaitu" dela azpimarratu du Erkorekak.
Urquijo, kontra
Izan ere, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak "arduragabekeria larri"tzat jo du Jaurlaritzak Guardia Zibila eta Espainiako Polizia EAEtik ateratzeko egindako eskaria, ETA oraindik ez delako desegin.
Urquijok agiri batean azaldu duenez, EAJren Jaurlaritzak "nazionalismoaren obsesio zaharrak errepikatzen ditu" eskari horrekin.
Estatuko Segurtasun Indarrak "horixe dira, Estatuko segurtasun indarrak, eta ondorioz, Euskal Herrian egoteko eskubidea dute, inori baimena eskatu gabe", gaineratu du Urquijok.
Izquierda abertzale
Bestalde, ezker abertzaleak salatu du Estatuko Segurtasun Indarrak eta Armada "gerra egiteko" daudela Euskal Herrian. Era berean, "indarkeriazko gatazka bati erantzuten dioten tresna guztiak desaktibatu" egin behar direla azpimarratu du.