Politika -

PSE-EEren Batzordea

PSE-EEk barne kontrola indartuko du ustelkeriaren aurka borrokatzeko

Auzi honen inguruan legedian egin beharreko erreformak adosteko akordioetara iristeko deia luzatu dio Rodolfo Aresek PPri.

Rodolfo Ares PSE-EEren Politika idazkaria. Argazkia: EITB
Rodolfo Ares PSE-EEren Politika idazkaria.
Rodolfo Ares PSE-EEren Politika idazkaria. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EEk asteburuan Bilbon egingo duen zazpigarren batzordean barne kontrola indartzeko tresna berriak onartzea eztabaidatuko dute ustelkeriaren aurka borrokatzeko, Rodolfo Ares PSE-EEren Politika idazkariak esan duenez.

Azken egunetan, ustezko ustelkeria kasuek gizartean "egonezina" eragin dutela azpimarratu du Aresek eta ildo honetan, alderdiek "kontrola areagotuz" erantzun behar dutela uste du.

"Gure demokraziaren arazo nagusia gaur egun ustelkeria da", adierazi du. Horren harira, legedian erreformak egiteko akordioetara iristeko deia egin dio PPri.

Bestalde, PSE-EEk asteburuko Batzordean neurri propioak onartuko dituela iragarri du. Ez du neurririk zehaztu eta agintaldiaren hasieran eta amaieran ondasunen aitorpena egiteko proposamena ekarri du gogora.

"Etorkizuna sortzen duten ideiak" lelopean egingo dute Batzordea euskal sozialistek asteburuan eta Patxi Lopez idazkari orokor gisa hautatuko dute berriro.

Ustelkeriaren aurkako borroka ez ezik, Batzordearen ardatza zerbitzu publikoen defentsa izango dela azaldu du Aresek eta "eskuinaren eta nazionalismoaren" murrizketen aurrean politika sozialak aldarrikatuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea